Euskal Zine Bilera
2017/10/14 - 2017/10/21
Lekeitio
Bizkaia
Lekeitio
AIPAMENAK

Lekeitiko Udalak antolatzen duen euskara hutsean egiten den zine bilerak 40. edizioa du aurtengoa. Urriaren 14tik 21era bitartean, 31 film lehiatuko dira guztira, 8 lan profesional eta 23 amateur. Juanba Berasategi eta Benito Ansola omenduko dituzte edizio honetan.

Aurtengoan, estreinaldi bezala, Aitor Arregi eta Jon Garañoren ‘Handia’ filma izango dute, Zinemaldian Epaimahaiaren Sari Berezia irabazi zuena. Urriaren 20an estreinatuko dute, 19.30ean, Ikusgarri Aretoan.

Zine Bilerak, antolatzaileen arabera, bi helburu nagusi ditu: eukarazko lan amateurrak saritzea eta bidea egiten laguntzea, batetik, eta euskarazko zinemagintza profesionalaren bilgune izatea, bestetik. Horregatik, lehiaketak bi arlo ditu, profesionala eta amateurra, eta bakoitzean hiru kategoria saritzen dira: zuzendaritza, gidoia eta film onena.

Honekoek osatuko dute epaimahaia 40. edizioan: Aitor Gametxo, zinegile eta muntatzailea; Arantxa Lauzirika artista, arte eta ikus-entzunekoetan doktorea; Natxo Rodriguez, artista, ikertzaile eta irakaslea; Iratxe Urkiaga, aktorea; eta Kote Camacho, zinegile eta ilustratzailea.
Edizio honetan euskal zinemaren alde egindako lanaren aitortza bikoitza egingo dute, irekiera ekitaldian apirilean zendu zen Juanba Berasategi omenduko baitute eta, itxierakoan, Benito Ansolak jasoko du esker ona.

Era berean, Euskaltzaleen Topaguneak antolatuta, Kameratoiaren XIII. edizioa egingo da Zine Bileraren baitan, gazteentzako espazio berri bat irekiz. Ikus-entzunezkoen rally honetan aurkezpena online egingo da hilaren 20an eta 48 ordu egongo dira filma egiteko. Urriaren 28an egingo da sari banaketa, guztira 2.600 euro banatuko direlarik.

KOKAPENA
Lekeitio
Bizkaia