Gerediagako ermita zabalik, Monumentu eta Tokien Nazioarteko Egunean
2017/04/22
Abadiño
Bizkaia
Gerediaga
AIPAMENAK

Gerediagako ermita zabalduko da apirilarean 22an, Monumentu eta Tokien Nazioarteko Egunarekin bat egiteko. Durangaldearen historia politikoan leku esanguratsua dela aitortu nahi da eta Durango Merinaldearen Gobernuan garrantzi handikoak diren piezak ere erakutsiko dira.

Goizeko 11:00etatik arratsaldeko 14:00etara, Durango Merinaldearen objektu historikoak izango dira ikusgai San Salbadore eta San Klementeren ermita barruan, besteak beste, Durangaldeko Merioaren makila, zigilua eta eskribania, XV. mendean Gerediagan batzarrak egiten zirela aipatzen duen eskuizkribua eta Durangaldeko foruaren alea.

Erakusketaren osagarri Durangaldeko foruen eta Gerediagako ermitaren gaineko azalpen laburra egingo da eguerdiko 12:30ean. Gainera, bisitariak Gerediagako foru zelaiari buruz Gerediaga elkarteak eta Bizkaiko Batzar Nagusiek 2005ean argitaratutako liburuxka doan jasoko dute.

Abadiñoko Gerediaga auzoko Foru Gunea Bizkaiko Batzar Nagusien lau egoitzetako bat da, eta Gerediaga elkartearen ekimenez, egunero zabalik dago nahi duenak bisitatzeko. Iaztik, gainera, gunearen albo baten lekuaren historia laburra jasota dago Imanol Larrinagak egindako ilustrazioekin batera. Ekintza Gerediaga elkarteak antolatu du, Bizkaiko Batzar Nagusien eta Abadiñoko Udalaren laguntzarekin.

 

KOKAPENA
Gerediaga auzoa
San Salbadore eta San Klementeren ermita
Abadiño
Bizkaia