Isabel Garayren atzera begirako erakusketa
2017/02/10 - 2017/06/04
Bilbo
Bizkaia
Isabel_garay
AIPAMENAK

Bizkaiko Foru Aldundiak Isabel Garayren (Muskiz, 1946-Santander, 2016) atzera begirako erakusketa antolatu du Bilboko Rekalde aretoan otsailaren 10etik ekainaren 4ra bitartean. Artistaren lau hamarkadako obra biltzen du erakusketak, 1980ko hamarkadatik aurrera.

Muskizko artistaren ibilbidea aztertuta, argi ikusten da artistak ez ziola inoiz utzi eskulturan eta pinturan esperimentatzeari, «egindako aurrerapauso bakoitza maisutasun perfektuaz garatuz». Adibidez, 1980ko hamarkadan, lur erregogorrezko eskulturatik aluminio eta beiraz egindako modulu konbinagarriak egitera pasa zen (2000tik aurrera).

Isabel Garay eskultore gisa da ezaguna batez ere, «baina paper gainean marrazteak eta margotzeak bere bizitza osoari eman diote erritmoa»: lapitzezko eta pastelezko marrazkiak, obra multzoen bertsio desberdinen zirriborroak, pastelez marraztutako paisaiak, eta, azkenean, pintura handiak, pastelez ere, abstrakzio formaletik eratorriak, bere konposizio modularrekin erresonantzian geratzen direnak.

Erakusketan 40 obra inguru jarriko dira ikusgai, bai eskulturak bai paper gaineko lanak, eta guztiak helburu horrekin argitaratutako katalogoan bildu dira, Isabel Garayren obran aditua den Hubert Besacier irakasle eta komisario frantsesak idatzitako azalpenekin batera.

Horrela, otsailaren 10etik ekainaren 4ra bitartean, Rekalde aretoan barrena ibiltzeko aukera izango du publikoak, Isabel Garay artista bizkaitarraren sortze lanaren etapa desberdinak ezagutzeko. Hilaren 10ean bertan, Hubert Besacier komisarioaren eskutik bisita gidatua egiteko aukera dago 19:00etan.

KOKAPENA
Recalde Zumarkalea, 30
Rekalde aretoa
Bilbo
Bizkaia
LOTURAK