‘Itsas Industria XXI. mendean’ biltzarra
2017/05/16 - 2017/05/19
Bilbo
Bizkaia
Itsas_industria
AIPAMENAK

Bizkaiko Merkataritza Itsasketako Kapitainen Elkarteak eta Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) Bilboko Ingeniaritza Eskolak ‘Itsas Industria XXI. mendean’ izeneko nazioarteko bigarren biltzarra antolatuko dute Bilbon. Topaketak maiatzaren 16tik 19ra bitartean iraungo du, eta itsas sektoreko eragile nagusiek jardueraren orainari eta etorkizunari buruz eztabaidatuko dute. Biltzarra Bizkaia aretoan izango da.

Foroa itsas eta portu sektoreko eragile publiko eta pribatu guztiei zuzenduta dago, Administraziotik hasi eta prestakuntza ikastetxeetara, itsasontzi enpresetara, ontzioletara eta kontsignatorioetara, portuko, itsasoko eta kostaldeko segurtasunaren ardura duten agintarietara, itsas salbamendura edo aseguru konpainietara. Erakundeak, profesionalak eta konpainiak biltzarrean elkartuko dira, sektoreak dituen erronkak aztertzeko, etorkizuna eta lehiakortasuna bermatu ahal izateko.

Antolatzaileek gogoratu dutenez, Euskadik marinel, arrantzale eta itsasontzi eraikitzaile historia luzea du, antzinako bale ontzietatik hasi eta azken belaunaldiko merkataritza ontzietara. Bilboko Ingeniaritza Eskolak Itsasketa eta Nautika eta Itsas Garraio graduak eskaintzen ditu Portugaleten, eta sektoreko profesionalen eskariak ezagutzeko eta unibertsitateko prestakuntzan kontuan hartzeko aukera emango duen biltzarrean parte hartuko du.

«Horrelako foro batek aukera emango digu, inolako zalantzarik gabe, itsas nabigazioaren alorrean inplikatuta dauden eragile guztiekin harreman zuzena izateko, euren eskariak jaso ahal izateko, itsasoko etorkizuneko profesionalen prestakuntza hobetu eta eguneratu ahal izateko», azpimarratu du Enrique Amezua Bilboko Ingeniaritza Eskolako zuzendariak.

Halaber, biltzarraren barruan aldi bereko zenbait hitzaldi eskainiko dira Bizkaia aretoko Mitxelena Auditoriumean eta Baroja Aretoan. Hain zuzen, maiatzaren 16an eta 17an, adituek sektorearen oraina eta berehalako etorkizuna markatzen duten gai nagusiak landuko dituzte: itsas legedia, itsasontzien eraikuntza, gurutzontziak, prestakuntza, itsasoko segurtasuna, XXI. mendeko arrantza industria, itsas trafikoa, laneko arriskuen prebentzioa edo teknologia eta berrikuntza.

Gainera, topaketa amaituko den egunean, maiatzaren 18an, Europako Itsas Eguna ospatuko da. Hori dela eta, nazioarteko biltzarrak ateak irekiko ditu jende guztiarentzat arratsaldeko 13:00etatik aurrera. Hurbiltzen direnek, Luis Jar Torre itsas kapitain eta ikerlariak eskainiko duen «Un abordaje con sorpresa. 100 años después la explosión de Halifax» hitzaldia entzun ahal izango dute.

KOKAPENA
Abandoibarra Etorb., 3
Bizkaia aretoa
Bilbo
Bizkaia