Literaktum: 40 jarduera eta 70 gonbidatu
2017/11/14 - 2017/11/25
Donostia
Gipuzkoa
Libros
AIPAMENAK

Azaroaren 14tik 25era, 40 jarduera eta 70 gonbidatu hartuko ditu Literaktumek, aurtengo gai nagusien inguruan lerratzeko: utopiaren indarra, ilustrazioa, eta nobelaren eta historiaren arteko harremana. Indarberrituta dator, gainera, Donostiako letren jaialdia. Egitasmoaren saretzeak ahalegin, baliabide eta ideien pilaketa ekarri du eta bide berri horretatik ernatu da helburuetan tinko eta programazioan aberatsagoa den jaialdia.

Aurten irudi berria izango du Literaktumek, programazioa atalka banatuko da, haurrei zuzendutako ekimenek Literaktum Txikia atalean hartuko dute aterpe eta data aldaketa ere izango da: hemendik aurrera maiatzean egin beharrean azaroan egingo da jaialdia, Durangoko Azokaren gertutasunak erakarrita.

Horrela, aurten azaroaren 14tik 25era egingo da eta hiru hausnarketa bide nagusi izango ditu: nobela eta historiaren arteko harremana, utopiaren indarra eta liburu ilustratua.

Errusiar iraultzatik ehun urte betetzen direla-eta egingo da utopia kontzeptuaren gaineko gogoeta eta horien gaineko hausnarketan ariko dira, saio ezberdinetan, Fernando Vicente, Diego Moreno, Iñaki Urdanibia, Ivan Repila, Sergio del Molino eta Belen Gopegui. Nobelaren eta historiaren arteko loturaren gainean Almudena Grandes, Uxue Alberdi, Ignacio Martinez de Pison eta Bernardo Atxaga ariko dira eta ilustrazioaren gaineko kontuak, aldiz, David Foenkinos, John Banville, Sara Mesa eta Marta Sanzek landuko dituzte. Solasaldiak, ohi bezala, hiriko liburu-dendetan egingo dira.

Programa orokorretik kanpo, jarduera berezien atalean honakoak izango dira: filmen emanaldiak (Ramon Saizarbitoriak proposatutako ‘Ma nuit chez Maud’ eta Nosferatu zikloaren barneko ‘Metropolis’), Petti eta Irati Jimenezen ‘Nigan, ispilu batean bezala’, Victor Hugo oinarri duen ibilaldi literarioa, ‘Isturitzetik Etiopian barrena’ ikuskizuna eta Madame Bovary oinarri duen afari literarioa, azken hau Gastronomiako Euskal Anaiarteak antolatuta.

Programa osatzen duten 40 jardueren artetik EHUrekin elkarlanean egingo den ‘Filosofia zuzenean’ ekimena ere nabarmendu zuen Gabarainek. «Pentsamendu literarioa plazara ateratzeko» ahalegin honek Tabakalerako tabernara zenbait eztabaidagai ekarriko ditu: animaliekiko harremana, umorea eta zentsuraren arteko muga eta «normaltasun» kontzeptuaren definizioa.

Ilustrazioa oinarri duten zazpi erakusketa ere bilduko ditu Literaktumek. Horien artetik Aiete kultur etxean dagoen ‘Wangri Maathai eta bakerako zuhaitzak’, Sara Moranteren iruditeria definitzen duen ‘Corpus’ eta San Telmon ikusgai dagoen ‘Uhartearen altxorra’.

Eta, lehenengoz, haurren egitarauak izen propioa izango du: Literaktum Txikia. Izen horren pean bilduko dira irakurraldiak, tailerrak, antzezlanak (Zirkozaurre-ren ‘Vademekum’, Dar-dar-en ‘Harea’ eta Borobil-en ‘Ali Bada eta 40 lapurrak’), musika ikuskizunak eta beste hainbat ekitaldi.

KOKAPENA
Museo San Telmo, biblioteca central, Koldo Mitxelena y centros culturales
Donostia
Gipuzkoa
LOTURAK