Literatur Sorkuntzarako XX. Igartza Beka
2017/03/16 - 2017/06/30
Beasain
Gipuzkoa
Literatura
AIPAMENAK

Beasaingo Udalak, Beasaingo CAF enpresaren babesarekin eta Elkar argitaletxearen laguntzarekin, euskal kultura zabaldu eta idazle gazteen lanari laguntza emateko sorturiko Igartza Bekaren 20. ediziora proiektuak aurkezteko epea ekainaren 30era arte zabalik dago.

Joan den urteko edizioan Kattalin Minerrek jaso zuen Igartza saria, eta ‘Nola heldu naiz ni honaino’ liburua kaleratu berri du.

Deialdira narratibako lanak (eleberri edo ipuin bildumak) egiteko proiektuak aurkez daitezke, jatorrizkoak eta euskaraz sortuak, zatiren bat edota osotasuna inon argitaratu gabea dutenak, sarituak izan ez direnak eta beste inondik moldatuak ez direnak.

Edonork parte har dezake, baina, egile berrientzat bideratua dela kontuan hartuta, bi baldintza bete beharko dira: lana ematean 35 urte bete gabe izatea eta, aurretik lan argitaraturik izatekotan, helduentzako bi liburu baino gehiago ez izatea. Bi baldintza horien muga, proiektuak jasotzeko unekoa da. Sari hau behin irabazi duen idazlea ezingo da berriz aurkeztu.

Parte hartzaile bakoitzak, ondorengoak aurkeztu behar ditu, posta elektronikoz atxikitako dokumentuetan: landu nahi duen kontakizunaren azalpena, 2-4 orri bitarteko luzerakoa, egoki iritzitako ezaugarriak zehaztuz, hala nola argumentua, egitura, luzera eta estiloa; idazlanaren lagina edo erakusgarria, 15-20 orrialde bitartekoa, ez nahitaez kontakizunaren hasierakoa, baina bai zati bakarra osatzen duena; egilearen izen-abizenak, helbidea, posta elektronikoa, telefonoa eta nortasun agiriaren kopia eskaneatua.

Ana Jaka, Igor Estankona eta Garazi Kamio idazleek osatutako epaimahaiak jasotako proiektu guztiak aztertu eta haien arteko bat izendatuko du irabazle irailaren 15a baino lehen. Aurkeztutako lanek behar adinako kalitaterik ez dutela iritziz gero, beka eman gabe utz dezakete epaimahaikoek.

Bekaren diru kopuruaren erdia, irabazle izendatu bezain laster jasoko du irabazleak, eta beste erdia, idazlan amaitua eman eta epaimahaikoek onespena emandakoan, lehen erdia jasotzen duenetik urtebetera, hain zuzen ere.

KOKAPENA
Beasain
Gipuzkoa