Maritxu Kajoi
2017/10/06
Arrasate
Gipuzkoa
Kajoi
AIPAMENAK

Urtero bezala, Txikiteroen Ama Birjinaren jai handia ospatuko dute arrasatearrek urriaren lehen ostiralean: Maritxu Kajoi. Festa dotorea denez, bertaratzen direnek armairutik arropa hoberenak atera eta elegante jantzita joatea arau bihurtu da. Eskapularioa soinean eramatea ere ezinbestekoa da.

Herritarrek kontatzen dutenez, festa herriko txikitero baten ateraldiaren fruitu omen da, eta parrandarako egun aproposa izaten jarraitzen du.

Herriko parrokiaren atzean dagoen Errosarioko Ama Birjinaren irudiaren omenez egiten da festa. Txikiteroen zaindaritzat hartzen dutena zurezko kutxa edo kajoi baten barruan dago eta hortik datorkio izena.



Ohitura den bezala, jende andana batuko du Debagoieneko herri honetan. Benetan jendetsua izaten da jaia eta giro aparta sortu ohi da herriko kaleetan zehar. Txikiteroen Ama Birjinaren ospakizunak egun osoan zehar parrandaz gozatzeko aukera eskaintzen die gerturatzen diren guztiei eta aurten ere ez da festarik faltako.

Dotore jantzitako kuadrillak goizetik aterako dira kalera eskapulaixua erostera (lortutako dirua jaiei laguntzeko izaten da). Iluntzean, 20.30ean, Maritxu Kajoirengana gerturatuko dira eta lore eskaintza egingo diote. Bertan, prestatu duten «otoitza» irakurriko dute. Aurtengoak urteurrenari egiten dio erreferentzia, baita eraso sexistei ere, ospakizun honetan ere ez baita onartuko halako jarrerarik.

KOKAPENA
Herriko Kaleetan
Arrasate
Gipuzkoa