Noaingo Martxaren 26. edizioan, Katalina Foixkoa gogoan
2017/06/18
Iruñea
Nafarroa
Noain2
AIPAMENAK
Ekainaren 18an ospatuko da Nabarralde Fundazioak antolatzen duen Noaingo Martxaren edizio berria eta Katalina Foixkoa, Nafarroako azken erregina, gogoratuko du, errreginaren heriotzaren 500. urteurrenaren harira.

Aurtengo lema ‘Gure ondarea, gure memoria. Katalina Nafarroakoa 1517-2017’ izanen da. Bearnen hil zen 1517an eta, antolatzaileen ustetan, bere papera erabakigarria izan zen gure lurraldearen historian. Gogoratzeak merezi du.

Nabarraldek 20 urte baino gehiago antolatzen daraman ekitaldia «bere sustraietara» itzuliko da aurten, Noain-Getze ibilbidea berreskuratuz. Akabera, beti bezala, 1521eko Noaingo bataila gogoratzen duen Joxe Ulibarrenaren monumentuan izanen da.

Martxa goizeko 11.00etan abiatuko da Noaingo Batailaren Plazatik. 12.00ak aldean, «Erdi Aroko zaldunak eta erregina bera» lagun izango dituen ibilaldia Getzeko monumentura iritsiko da eta bertan pregoia irakurriko da, Ortzadar taldekoek eskainiko duten aurreskuaren ondoren.

Aurtengo pregoilaria Xabier Irujo Amezaga ikerlari, historialari eta Nevadako Unibertsitateko Euskal Ikasketen zuzendari ordea izanen da.

Monumentutik jaisterakoan, Ortzadar eta Ardantzeta dantza taldeek euren erakustaldia eskainiko dute Getzeko plazan, eta ondoren bazkari bat izanen da Getze Enean. Bazkarira joateko aurretik izena ematea beharrezkoa da.

Martxaz gain, ohikoa den moduan, Nabarraldek hitzaldi ziklo bat prestatu du ekainaren 19tik 23ra ospatuko dena Iruñeko Civican aretoan. Xabier Irujo Gernikako bonbardaketaren ondorioez arituko da, Mikel Soraurenek historia osatzen duten elementuez eta identitate kolektiboaz hitz egingo du, Iñaki Sagredok duela 500 urte abiatu zen Nafarroako gazteluen suntsiketa hizpide izango du, Alvaro Adot Katalina Nafarroakoaren feminismoaz arituko da eta Peio J. Monteano XVI. mendeko Iruñean euskarak zuen presentziaz arituko da.

KOKAPENA
Noaingo Batailaren Plaza
Noaingo Batailaren Plaza
Iruñea
Nafarroa