Zinebi, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdia
2017/11/10 - 2017/11/17
Bilbo
Bizkaia
Zinebi
AIPAMENAK

Zinebi Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak azaroaren 10ean inauguratuko du 59. edizioa, lehiaketara aurkeztu diren euskal film laburren emanaldiekin eta Alberto Iglesias konpositore donostiarrari Ohorezko Mikeldia emateko ekitaldiarekin, Arriaga Antzokian.

Jaialdia azaroaren 17 arte ospatuko da eta sail ofizialean 32 herrialdetako 62 filmek hartuko dute parte, lehiaketako hiru generoetako Urrezko eta Zilarrezko Mikeldiak lortzeko lehian: fikzioa, dokumentala eta animazioa. Lehiaketarako aukeratu diren filmen artean euskal zinemagileek egindako sei lan daude.

Ivan Arguello zinemagile nikaraguarrak, Guadalupe Echevarria artistak, Renata Gasiorowska animaziozko zinemagile poloniarrak, Lola Mayo gidoilari eta ekoizleak eta Peter Suschitzky argazki zuzendari britainiarrak osatuko dute Zinebi 59ren nazioarteko epaimahaia.

Alberto Iglesiasekin batera, Marco Bellocchio zinemagile italiarrak ere zinemaldi bilbotarraren Ohorezko Mikeldia jasoko du jaialdiaren amaiera ekitaldian, azaroaren 17an, Arriaga Antzokian. Gainera, bere lan garrantzitsuenetako batzuk proiektatuko dira, besteak beste, ‘La colpa e la pena’ (1961) film laburra eta ‘I pugni in tasca’ (1965), ‘Sorelle mai’ (2010) eta ‘Fai bei sogni’ (2016) film luzeak. ‘Per una rosa’ (2017) film laburra jaialdiaren amaiera ekitaldian proiektatuko da.

Lehiaketarako aukeratu diren filmen artean euskal zinemagileek egindako sei lan daude, horien artean, ‘Plágan’, Koldo Almandozena (dokumentala); ‘Lo-ibiltariak’, Iñigo Salaberriarena (dokumentala); ‘Areka’, Begoña Vicariorena (animazioa); eta‘Aprieta, pero raramente ahoga’, David Perez Sañudorena (fikzioa).

Halaber, lehiaketatik kanpoko ‘Beautiful Docs. Mundu osoko dokumental luzeen panorama’ sailak dokumental egile handien azken garaiko bederatzi ekoizpen ikusteko aukera eskainiko du.

‘Bertoko begiradak. Miradas desde Euskadi’ sailari dagokionez, Zinebi 59k azken urteetan gai anitzei buruz egindako zortzi euskal lani eskainiko die arreta -sei dokumental eta bi fikzio-.

Emanaldi berezien artean nabarmentzekoa da Bilbao Sinfonía taldeak, Arantzazu Calleja konpositore eta biolinistak eta Alvaro Segovia gitarrista eta pianistak zuzenean interpretatuko duten ikus-entzunezko poema musikatua.

KOKAPENA
Zenbait tokitan
Bilbo
Bizkaia
OSAGARRIAK
LOTURAK