Zapi Lapurdi

Aitzinako Olentzero eta Mari Domingik Suprefektari Ikatza!

Aitzina! gazte ezkertiar eta abertzaleen erakundeak ekimen ikusgarria burutu du eguerdian Baionan. Ekainerarte aurrera eramango duten kanpaina aurkezteaz gain, Estatu frantsesak ikastolen aurka daraman «guda» salatu nahi izan dute eta horretarako ikatza utzi dute Parisko Gobernuaren delegaritzaren atarian. Aitzinako gazteen Olentzeroak Estatu frantsesari eta bere ordezkarieri 200 kilo ikatz ekarri dizkio «gaiztakeriak» egiteagatik. Ildo horretan, abenduaren 28an Seaskak Baionan antolatu duen Mani'Festan parte hartzera deitu dute, estatu frantsesak ikastolei begira duen jokamoldea salatzeko. Beste alde batetik, kanpainaren nondik norakoak ezagutzera eman dituzte. Joan den azaroaren 2an burututako «Jeiki Gazte» egunean azaldu zuten bezala, hiru lan ildo nagusi jorratzeko asmoa dute: euskara, nazio identitatea eta gazteen zatiketak gainditzea.