0 iruzkin

Abiadura Handiko Trenaren eta honen ereduaren aurka martxan

Abiadura Handiko Trenaren eta honen ereduaren aurka martxan

Leloan bertan lotu ditu aurten AHTren aurkako martxak bi aldarriak, «Txikizioa borrokatu! Bertako elikadura bultzatu!». Izan ere, Asteon Derion Via Campesina ospatzen ari den munduko batzarrarekin lotu dute Bergaran hasi eta Derion amaitu den mendi martxa [ + ].

Uztailak 14

Angiozarretik abiatu da martxa. Angiozar dago Euskal Y aren korapiloaren erdigunean. Abiapuntu hau hautatua izan da AHT delako lur eremu handiena txikitzen duen azpiegitura. Eta martxaren ibilbidea AHTrena izango da. Kanpazarrerako bidean irregulartasunez betetako harrobia ikusteko parada izan da. Baita Beasain-Durango autobiaren lanak ere, AHTren lanez gain. Martxa bi akuifero hondatu dituen Udalaitz azpiko AHTren tunel batean sartu da.

Bazkaria Elorrioko gaztetxean egin da. Bazkalostean, bileratxo bat burutu da ekimenaren eta partaideen aurkezpena egiteko. Arratsaldeko tartean, mendi martxa Atxondora heldu da. Atxondoko herritarren borroka eredugarriari esker AHTren lanak urte luzeetan oztopatuak izan dira eta oraindik ez dira hasi. Jarraian, mendiz ibili ondoren, AHTren ibilbidetik tarte bat egin da, gaurko etapa Izurtzan bukatzeko. Azpimarratzekoa da ibilbidean zehar azpiegiturek kalteturiko hainbat baserri hondatuta eta utzita ikusi dutela martxako partaideek.

Bertako pilotalekuan EKOPOLen txostenaren aurkezpena, David Hoyosen eskutik izan da. Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle batzuek burutu dute delako txosten hau, non argi ta garbi demostratzen den AHTren bidegarritasun ekonomiko zein sozialaren gabezia. Afaldu ondoren, Eneritz Furyak kontzertu akustikoa eskaini du.

Uztailak 15

Goizean Izurtzatik abiatu dira. Durangon ekimenera jende berria gehitu da eta EAJren batzokiaren aurrean elkarretaratze txiki bat burutu da, EAJk Euskal Herriko txikizioan eta AHTren eraikuntzan duen erantzukizuna salatuz. Durangoko tartea manifestazio moduan eskuorriak banatuz burutu da. Handik martxa Orozketa mendirantz abiatuta, AHTren lanen ibilbidetik segitu dute. Aipatzekoa da lan hauek urte batzuk geldirik egon ondoren berriro hasi direla.

Martxak zeharkatu duen zonaldean Bizkaiak duen baso autoktonorik ederrenetako bat suntsitzen ari diren lekuko izan dira. Lur mugimendu itzelek zatikatu dute mendialde eder izandakoa eta honen triskantza bertatik bertara ikusi ahal izan dute.

Zornotzan eskusoinuak ongi etorria eman die martxistei eta kalejira alaiean gaur arratsaldean festari hasiera eman dion herria zeharkatu dute. Ondoren Zubiondo Plazan Zornotzarrek bertako produktuekin sukaldatutako bazkari legea dastatu dute beste behin ere.

Bazkaldu osteko ohiko bileraren ondoren, Boroa auzora abiatu dira eta handik Harrizuriganetik pasatuz martxa Larrabetzu herrira iritsi da. Ongi-etorri musikal beroa jaso ondoren, Anguleri Kultur etxean “Elikadura burujabetzatik bizitza burujabetzara” eta “EHko azpiegiturek eragindako lurraren artifizializazioaren inguruko solasaldia burutu da. Gaztetxean afaldu ondorenean, Gerra zibileko kantuak eta musikari buruzko emanaldiarekin egunari amaiera eman zaio.

Uztailak 16

Irteeran, martxako partaideek Larrabetzuko konpostegiaren inguruko azalpenak entzun dituzte, bertakoek adierazita. Nabarmentzekoa da Larrabetzuarrek zabor organikoaren birziklapenean lortzen ari diren portzentaia. Larrabetzuko familien heren batek babesten du prozesu hau, Bizkaian aintzindaria dena.

Lezama eta Zamudio zeharkatu ondoren, martxa Derioko Mintegi Zaharrera iritsi da. Dakizuenez, La Via Campesinak bere VII. Nazioarteko Konferentzia bertan burutzen ari da. Gaur munduko nekazari gazteen topagunea izan da. Martxa bertara iristerakoan, partehartzaileek mandala (haziz marraztutako irudia) burutu dute. Mandala horretan, Ama-Lurraren indarra eta elikadura burujabetza azpiegitura handien aurka islatu dute. Bilduta zeuden nazioarteko La Via Campesinako partaide guztiek babesa eskeini diote martxari.

Martxako eta La Via Campesinako partaideek batera egindako ekitaldi batekin bukaera eman zaio Bergaratik hasi eta Derion bukatu den “Txikizioa borrokatu, bertako elikadura bultzatu” goiburu zuen martxari.

Bazkaldu ondoren, martxako partaideek balorazio-batzarra burutu dute, eta hemendik aurrera bide beretik segitzeko oso interesgarriak diren ideiak eta proposamenak azaldu dira. Horien artean, azpimarratzekoa da, heldu den igandean, hilak 23 goizeko 11,00tan Bilboko Moiua Enparantzatik La Via Campesinak deitutako “Gure Herriak elikatzen ditugu eta mundua eraldatzeko mugimendua sortzen dugu” goiburu duen manifestaziora joateko deialdia.

Testuak eta argazkiak: AHT GELDITU

/
azken iruzkinak
azken post-ak