0 iruzkin

AHTren aurkako pintaketa erraldoia, Nafarroan

Loading player...

AHTren kontrako pintaketa erraldoia egin du Mugituk Castejon eta Villafranca artean. 80 metroko zabalera eta 10 metroko altuerako letrekin osatu dute mezua: «AHT-TAV STOP».

Castejon eta Villafranca artean egina dagoen Abiadura Handiko Trenarentzako eremuan egin du ekintza Mugitu taldeak. Abiadura Handiko trenak Nafarroan eragingo duen txikizioa salatu nahi izan dute desobedientzia ekimen honekin.

Uxue Barkosen Geroa Baik eta Gobernu espainolak, Nafarroan garatu nahi den trenbide ereduarekin lortutako adostasunari kritika egin nahi izan diote pintaketarekin, Nafarroan halako azpiegiturarik «behar ezta nahi ez dituztela» ikusaraziz.

Proiektuaren bideragarritasunaz, errentagarritasunaz eta beharraz ikerketa bat egin behar dela uste du Mugituk. Hortaz, ez dezatela nolanahi eta presaz Madrilekin hitzarmenik sinatu galdegin du. Herritarren beharrak eta nahiak zeintzuk diren jakitea ezinbestekoa iruditzen zaio mugimenduari, hala nola, ingurumenari eginen dion kaltea zenbatekoa izan daitekeen aztertzea ere.

Mugituren arabera, «ahalik eta azkarren erantzuteko ordua» iritsi da, izan ere, bere ustetan Barkosen asmoa eraikuntza lanak ahalik eta arinen hastea da. Hortaz, ekimenarekin, azpiegitura honen aurka deituak dauden mobilizioetan parte hartzeko deia ere egin diete herritarrei. Tartean, datorren ostegunean, hilaren 22an, 19.30tan eta Nafarroako Foru Aldunadiaren aurrean eginen den elkarretaratzera.

Ahotsa atari digitalak ekoiztutako bideoan ikusi daiteke ekimena.

azken iruzkinak
azken post-ak