Naiz+ Naiz+

Ama hizkuntzaren indarra, gaelikoaren aldeko kanpainaren ikur

Irlandarren bihotzetan arakatu eta gaelikoaren itzala argiztatu asmoz spot ederra egin du Irlandako ‘Nós’ aldizkariak.

Bazterrean eta egoera gutxituan urte luzez egon den gaelikoa, Irlandako erdigunera atera eta biziberritu nahian dabil ‘Nós’ aldizkaria, bestelako hamaika elkarte eta erakundekin batera. Ahalegin horretan, asko eta askotarikoak dira Gaelikoari adorea eman eta haren aldeko atxikimendua sustatu nahian egindako ekimenak.

Ama hizkuntzak gure bihotzean duen lekua islatzeko iragarkia ere kanpaina zabalago baten parte ere bada. Aurretik, ‘Nós’ aldizkariak berak Coláiste Feirste bigarren hezkuntzako eskolarekin elkarlanean Lip Dub ederra egin zuten. Sare sozialetan milaka bisita eskuratu zituen ekimenak, eta NAIZen ere, haren berri jaso genuen.

Orain, amaren eguna hurbiltzen ari den honetan amei ere keinu egin nahi izan die dinamikak.

Damian McCannek zuzendu eta Grainne Hollandek ekoiztutako gaelikoaren inguruko bideo honek, ingelesezko azpitituluak ditu. Hala ere, ondorengo lerroetan, euskarazko gutxi gora beherako itzulpena duzue:

«Beti egon zara nire ondoan, zure irribarrea, zure dirdira… zuk eman zenizkidan sustraiak, askatasuna, irudimena… Zuk ematen didazu indarra eta oroitzapena, zoriontasuna, segurtasuna, laguntasuna eta ondasuna. Zure ondoan egin dut bidea, zure musikarekin ibiliz, hainbatetan desafiatzaile, besteetan goxo...

Zure argia, baina, ez da inoiz itzaltzen. Zuregatik ez balitz ez bainintzateke hemen egonen; zure bizitza gabe, zure bihotza gabe... Belaunaldiz belaunaldi, urteak aurrera, zure ahotsa, nire ahotsa... beti egonda da gurekin, beti izango zara entzuna… Ama…Ama hizkuntza.»