Naiz+ Naiz+

Argentinara, Anima Zaitez programarekin

Maiatzaren lehena arte zabalik dago Argentinako Villa Maria euskal etxeak antolatzen duen Anima Zaitez elkar-truke programa. Argentina eta Euskal Herriaren arteko harremanak estutzeko asmoa du iaz abiatutako proiektu honek eta 15 eguneko egonaldian euskara, dantza, euskal musika, sukaldaritza edo kirolarekin harremana duten tailerrak eskaintzea izango dute jardun Argentinara hurbiltzen direnak.

18 eta 30 urte bitarteko euskal gazteei zuzendua dago programa eta uztailaren 1etik 15era Argentinara bidaiatzeko aukera eskaintzen du.

Villa Maria euskal etxeak iaz bete zituen 70 urteak eta Necocheako euskal etxeak 2004tik aurrera antolatzen duen Hator Hona proiektua oinarri hartuta, abiatu zuten programa.Proiektua Euskal Etxearen eraikinean burutzen da, Villa Marian, Cordoban. 15 eguneko egonaldiko alojamendua eta otorduak familiek nahiz euskal etxeak emango dituzte.

Gazteek honako baldintzak bete behar dituzte: Euskaldunak izatea, 18 eta 30 urte bitartekoak, euskara eta gaztelaniaz hitz egitea eta gutxienez honako bi arlotan ezagutzak edukitzea: euskal dantza, euskara, euskal kirola, sukaldaritza eta euskal musika. Azkenik, Euskal Herrira itzultzean, jarduera ezagutarazi eta zabaltzeko laguntza eskatuko zaie.

Gazteek Argentinarako hegaldia ordaindu beharko dute (joan-itzulia) eta baita bidai asegurua ere. Programarekin zerikusia duten gastuak euskal etxearen esku daude (otorduak, Cordobako aireportutik Villa Mariara garraioa, materialak, etab.)Informazio gehiago: HEMEN.

Deialdi honek Argentinako euskal komunitateko kideak ezagutzeko aukera eman nahi du, distantzian euskal kultura nola mantentzen eta zabaltzen den ikusi eta itsasoaren bi aldeetako esperientziak partekatu ahal izateko.