Naiz+ Naiz+

Arrazistak al gara?

Ziur ezezkoa erantzungo genukeela gehienok, goazen, baina, apur urrutirago. Imajinatu kaletik zoazela eta bi eguneko egonaldi baten zozketan parte hartzeko gonbita jasotzen duzula. Onartu eta zure datuak idazten dituzun bitartean, zozketan parte hartu nahi duen emakume musulman bat hurbiltzen da zure ondora. Parte hartzeko inprimakia eskatzen dio postutxoan dagoen emakumeari; honek, alabaina, ezetz dio, zozketa jende «normalari» zuzendua dagoela bakarrik. Zuk zer egingo zenuke orduan?

Horixe da SOS Arrazakeriak egin duen esperimentuaren funtsa. Bartzelonako kalean ipini da, bi aktore eta ezkutuko kamara batekin lagunduta, eta herritarren erantzunak grabatu ditu. Nola erantzuten dugu gure aitzinean gertatzen den xenofobiaren aurrean?

Batzuk itsu, beste batzuk xenofobia onartuz eta hura sustengatuz, eta baita haren aurrean planto eginez ere. Zuk nola jokatuko zenuke?

Arrazismoaren aurkako kanpaina ugari egin dira, bihotzera eta kontzientziara zuzen iristen diren horietakoak asko. Haietan esanguratsuenetakoa Momondo bidaia bilatzailearena izan da.

Webgune honek ‘DNAren bidaia’ izeneko esperimentua egin zuen orain hilabete batzuk, gure baitan dagoen dibertsitatea ikustarazteko froga moduko bat.

Herrialde ezberdinetako 67 herritarrek parte hartu zuten DNAren test horretan. Hasiera batean guztiek argi zuten zein zen euren jatorria eta harro ziren haien sorterriaz, oso harro. Bestelako herrialdeekiko eta kulturekiko mespretxua agertzen zuten askok. Testaren emaitzek, ostera zer pentsa eman zien.

Mundu mailan arrakasta itzela izan du bideoak, sare sozialetan 40 milioi ikustaldi baino gehiago eskuratuta.