Naiz+ Naiz+

Aurtengo EHZn entzun eta biziko dugunaren aurrerapena

Ekainaren 30etik uztailaren 2ra izango da EHZ festibala eta giroa berotze aldera Lekornen entzun eta biziko dugunaren aurrerapen modukoa argitaratu berri du antolakuntzak bideo honen bidez. 

Bertan antzeman daitekeenez, estilo eta jatorri anitzeko musika izango da aurtengo festibalean ere. Horren adierazle bideoan jaso duten nahasketa adierazgarria:Marta Ren & The Groovelvets, Akua Naru, Duchess Says, Gatibu, GaBLé, Oum, Gallops, Nova Twins, De Staat, PIL.T, Leska, Kumbia Qweers, La Cafetera Roja, Las Taradas, Huntza, The Mitchi Bitchi Bar, Wucan, Smokey Joe & The Kid eta Zea Mays. 

Ez dira bakarrak, eskaintza dezente zabalagoa da, talde guztien berri euren webgunean ere badute. 

Musikaz harago ere eskaintza zabala dakar EHZk. Dantza, antzerkia eta magia; eztabaida gunean ere egunero izango da hizpidea, Brigada ubela deiturikoan feminismoari buruzko tailerrak, hitzaldiak eta eztabaidak proposatuko dituzte eta haurren txokoa ere izango da. 

Hiru egun edo bakarra

Sarrerak salgai dira eta internetez HEMEN erosi daitezke. Egun guztietarako sarrera erosi ahal da 51 euroren truke, eguneko sarrerak banaka erosteko aukera ere badago. Ostiraleko eta larunbateko sarrerek 26na euro balio dute eta igandekoa 11 euroren truke dago salgai.

Azken urteetako bideari jarraituz, aurtengo edizioa ere Lekornen izango da, Garroa gazteluaren ingurune horretan, antolatzaileek aurrelanketa garai honetan nabarmendu duten moduan, Baionatik 20 minutura ingurura: