Naiz+ Naiz+

Batzen gaituenari so

Erraza da mundua sailkatzea. Aise banatzen dugu jendea. Gu eta haiek. Bertakoak eta kanpokoak. Aberatsak eta txioak. Gazteak eta zaharrak. Zuriak eta beltzak. Heterosexualak eta homosexualak… Baina hain lerrokatuak gaude? Zehatz-mehatz mugatutako etiketa sozialek ordezkatzen gaituzte?

Hausnarketa honi tira eginez iragarkia egin du Danimarkako TV2 telebista kateak. Kolore, jatorri, janzkera eta estilo anitzetako hamarnaka lagun gonbidatu ditu platora eta begi bistakoak diren multzoak osatu dituzte hasieran: Ekonomikoki estu bizi direnak eta diru-sarrera handiak dituztenak. Erlijiosoak eta euren buruengan sinisten dutenak. Danimarkar berriak eta betikoak.

Nabariak diren etiketek homogeneo xamarrak diren taldeak sortzen dituzte. Zer gertatzen da, baina, pertsonen bizitzak arakatzen ditugunean? Nork maite du dantza egitea? Nor izan zen eskolako pailazoa? Eta nor da aitaordea? Nork sufritu zuen bullynga? Eta nork eragin zuen?

Definituak ziruditen mugak lausotu eta kolore anitzeko taldeak osatzen dira erantzun bakoitzarekin. Antzekoak ziruditenak ez daude bata bestearen alboan, eta, aldi berean, kolore edo jatorri ezberdineko ezezagun bat dute orain eskutik hartuta.

Finean, bideoaren arabera, parean kokatzen ditugun horiek, uste baino gertuago ditugu; izan ere, banatu baino, batzen gaituzten elementu gehiago ditugu komunean. Hori da bideoaren irakaspena, bederen.

Urtarrilaren 27an estreinatu zuen bideoa Danimarkako TV2 telebista kateak eta berehalako arrakasta lortu zuen. Aise gainditu zituen Danimarkako mugak eta ingelesera eta gaztelerara itzuli duten iragarkiak sare sozial ezberdinetan milioika ikustaldi izan ditu.