Naiz+ Naiz+

Berri Otxoak, 25 urte eskubide sozialen alde

Mende laurdena bete du Barakaldoko Berri Otxoak elkarteak. 25 urte hauetan 10.000 familia artatu ditu Gizarte Bazterketaren eta Gizarte Eskubideen alde lanean diharduen Barakaldoko Plataforma honek.

Etxebizitza eskubidearen alde edota espekulazioaren eta etxegabetzeen kontra maiz ikusi ditugu Berri Otxoak plataformako kideak telebista ala egunkarietako leihotik. Biluzik ala jantzita, oihuka ala isilik, deigarriak izan ohi dira Berri Otxoak plataformak egiten dituen mobilizazio eta protesta moduak.

Barakaldoko Udaltzaingoak gizarte arloko hainbat kolektibo biltzen ziren lokal bat jendez hustu ostean sortu zen Eskubide sozialen defentsan arituko zen plataforma. 1992ko abuztuaren 12an izan zen plataforma ernalduko zuen desalojo hura, Barakaldoko Berriotxoa kalean, hain zuzen ere.

Sortu eta bost urtera, 1997an ireki zituen ateak Gizarte Eskubideen inguruko Informazioa emateko Bulego Alternatiboak eta orduz geroztik, 10.307 familia artatu ditu. Bertan, diru laguntza ezberdinak eskatu ahal izateko bete beharreko baldintzak argitzen egiten dute lan. 

Bete berri duten mende laurdena ospatzeko Barakaldoko kaleetara atera da Berri Otxoak plataforma. «Ospatzeko arrazoirik ez» dutela sinistuta, baina, salaketa da kaleratu dutena. Izan ere, herritarren behar sozialak ase bitarte urteak betetzen jarraituko dutela argi baitute Berri Otxoak plataformako kideek.

25 urteko ibilbidea gogoan hartzeko dokumentala egin du Herrikolorek, Barakaldoko buletin herrikoiak.