Oihana Llorente NAIZ

Bertsotan abiadura biziz, Zamudioko Bertso Rally Txapelketan

Disen_o_sin_ti_tulo
rally

Hamaika oholtza eta egoeretan ikusi izan ditugu kantuan bertsolariak. Egunotan Zamudion gertatutakoak, baina, gure arreta erakarri du, izan ere, Zamudio Racing elkarteak antolatuta Bertso Rally Txapelketa izan da hirugarrenez.

Onintza Enbeita, Mikel Goiriena, Jon Maia eta Aitor Mendiluze bertsolariak izan dira autoan sartu eta abiadura bizian bertsotan aritu direnak. Bidaia horien emaitza grabatu eta Facebookera igo du Egoitz Mozok.  Ondoren Onintza Enbeita, Jon Maia, Aitor Mendiluze eta Mikel Goirienaren argazkiak dituzue hurrenez-hurren, haiek klikatuta entzun eta ikusi ditzakezue haien bertso emanaldiak.

Larunbatean izan zen Bertso Rally Txapelketa, Zamudio Racing Egunean hain zuzen ere. Zamudio Racing elkarteko kideen zaletasun handienak bertsolaritza eta motorrak dira eta hortaz, euren egun handian bi zaletasunek bat egiten dute. Ez da, baina, eguneko ekitaldi bakarra. Goizean, quad eta autoen ibilbideak, 4x4 motako ibilgailuen erakustaldia, umeentzako puzgarri, jolas eta motorren arteko txapelketa antolatu zuten. Eguerdian, ostera, motorzaleek herri bazkari egin zuten eta ondoren izan zen Bertso Rally Txapelketa.

Iaz Fredi Paia, Amets Arzallus, Andoni Egaña eta Arkaitz Estiballes bertsolariak izan ziren Bertso Rally Txapelketako protagonistak. Hauxe 2016ko Zamudio Racing Eguneko laburpen bideoa.

Ez da Onintza Enbeita bertsotan egoera berezian aurkitzen dugun lehen aldia. Orain aste batzuk, adibidez, Donamariako jaietan bertako moja-etxean aritu zen, klausurako mojak entzule zituela.