Naiz+ Naiz+

Chrysallis Euskal Herriak sare sozialetako fenomeno bihurtu du haur transexualitatea

Transexualitatearen gaia puri-purian dago gure jendartean eta eskoletan behar bezala lantzeko material didaktikoa ekoiztu du Chrysallis Euskal Herria elkarteak. Gida liburua euskaraz eta erdaraz argitaratu dute, eta, zirriborro bat dela dioten arren erabilgarria da bai hezkuntza proiektuetarako bai eta gurasoentzako ere.

Ikasgeletako testuliburua bilakatzeko bokazioz jaio arren, sare sozialetako fenomeno bihurtzen ari da ere. Izan ere, Facebooken gida liburua argitaratu eta aste bete igaro ere ez denean ia 18.000 erabiltzailek elkarbanatu dute. Laurogeitik gora iruzkin ere bildu dituzte.

Sexologoa eta Chrysalli Euskal Herria elkarteko lehendakaria den Aingeru Mayorrek egin du gida liburua, Mattin Martiarena marrazkilariaren laguntzaz. Material hau aitzindaria da Estatu espainolean eta dagoeneko italiarrera ere itzultzen ari da. Chrysallis elkarteak azaldutakoaren arabera, beste hainbat hizkuntzetan itzultzeko eskaria jaso dute.

Material didaktiko honen helburua identitatea eta gorputzari buruzko oinarrizko ezagutza lantzea da; Chrysallis Euskal Herria elkartearen aburuz, hori baita aniztasuna ulertu ahal izateko modua. Finean, identitatea eta genitalen arteko harremana deseraiki nahi du gida liburuak.