Naiz+ Naiz+

Donostiako hezkuntza komunitatea bat eginda, Izar eta Sararen etxeratzea aldarrikatuz

Ikasturtea irailean abiatu zen Euskal Herrian, Izar, Sara Majarenasen alaba, baina, Alcobendaseko eskola batean dago. Donostiako hezkuntza komunitateak gogoan du Izar eta ahalik eta azkarren Intxaurrondoko ikastolan ikusi nahi dute. Hura aldarrikatzeko gainera bideo hau egin dute Donostiako eskola anitzetako irakasle eta langileek. Bertan dira, besteak beste, Bidebidetako eta Ategorritxuko Haur eskolako hezitzaileak, Egiako sudur gorriak edota Astigarrako herri eskolako, Aitor Ikastolako, Zurriola ikastolako langileak, eta, nola ez, Intxaurrondoko Hegoa eta Intxaurrondo ikastolakoak.

Iaz, aitak labanaz eraso egin ostean, Izar hilabetez egon zen larri Valentziako erietxe batean. Hiru urte betetzerakoan, Izarrek amarekin egoteko eskubidea lortu bazuen ere, –adin horrekin banatuak baitira – ama eta alaba Madrilgo harrera etxe batean dituzte ordutik. Donostiatik ehunka kilometroetara, bertako ikastetxe batean abiatu du ikasturtea Izarrek.

Bigarren graduan dute orain euskal presoa. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako epaile Jose Luis Castrok apiriletik du Izarri buruzko txosten psikologikoa, baina, orain arte, eskaera guztiak ukatu dizkio Majarenasi. Azkena, uztailaren 12an. Ostean, hirugarren gradua eskuratzeko beste helegite bat jarri zuen presoak, eta epailearen zain daude orain.

Sara Majarenas euskal presoa eta haren alaba Izar Euskal Herrira gerturatzeko eskatzeko egindako mobilizazioak ugari eta anitzak izan dira hilabeteotan.