Naiz+ Naiz+

«Ez da zure gorputza!» oihukatu eta musika eten du heavy metal talde batek parean gertatutako eraso sexista salatzeko

Holandako Lowlands de Biddinghuizen jaialdiko oholtza gainean ari zen Architects talde britainiarra. Heavy metal taldearen aitzinean dena emanda ziren ehunka lagun eta tartean, entzuleek eskuz eskuz hegan zeramatzaten emakume bat. Kontzertuetan ohikoa da crowd surfing izenarekin deitzen dioten honako praktika, Sam Carter abeslariak salatu moduan, baina, gizon batek egoera baliatu eta airean zeramaten emakumearen titiak ukitu zituen, andrearen baimenik gabe, noski.

Erasoa ikusi orduko, kontzertua eten eta haserre zuzendu zen Carter publikoari: «Ez dut erasoa egin duena seinalatuko, baina ikusi zaitut emakumearen titi bat ukitzen. Ikusi dut. Erabat nazkagarria da eta hau ez da halakoetarako lekua. Ez da zure gorputza eta nire kontzertutan ez dira halakorik onartzen»!, salatu zuen ozen holtzatik. Erasotzailea kontzertutik alde egitera ere gonbidatu zuen.

Txaloaldi luze eta ozen batekin eskertu zuten ikusleek Carterren jarrera. Eta sare sozial eta komunikabidetan ere, oihartzun zabala izan du Britainiako taldearen erabakiak.

Gure artean, baina, badira ere poztekoak diren hamaika jarrera. Abuztu hasieran adibidez, ikusleen artean erasotzaile bat zegoela salatu ondoren, Porco Bravoren kontzertua eten zen Lizarrako jaietako txosnagunean. Orduko hartan, Argiak azaldu duenez, kontzertuaren erdian bi emakume igo ziren oholtzara sexu erasotzaile bat euren artean zegoela esan eta txosnagunea denontzako espazio askea eta segurua izan zedin, erasotzaileak gunetik alde egin arte kontzertua eta txosnetako jarduna etengo zela ohartarazteko. Ikusleek begi onez hartu zuten erabakia eta erasotzailea txosnagunetik aldendu arte itxaron zuten. Bere irteerarekin itzuli zen festa eta musika txosnagunera.