Naiz+ Naiz+

Haurrak eskolara oinez, patinetean ala txirringaz, baina haien kabuz

Oñatiko Udaleko Hezkuntza sailak eta herriko ikastetxeek elkarlanean sortutako proiektua da Eskolako Bidea proiektu hezitzailea. Eskolarako joan-etorriak oinez, patinetean edo txirringaz umeek euren kabuz egitera animatu nahi duen proiektua da. Ibilbide hauek motordun ibilgailuetan egiteko ohitura aldatu eta herriko bide-segurtasuna hobetuz eta bide batez, ikasleen autonomia indartuz, espazio publikoa pertsonentzat berreskuratu nahi dute.

Haurren hiria aldarrikatzen du Francesco Tonucci psikologia ikerlari ezagunak eta haren aburuz, haurrak kalean dituen hiria, hiri osasuntsua da. Halako egitasmoek umeek kaleak berreskuratzeko bideak marrazten dituzte, eta aurreko belaunaldikoekin alderatuta haurtzaroan galdutako autonomia espazioak konkistatzeko moduak eskaini.

Oñatiko Udalak bultzatako egitasmoak autoestimua eta harremanak garatzeko ere egokia dela deritzote. Batetik, haurrek mugitzeko autonomia izanik bidea bakarrik, haien lagunekin ala gurasoek lagunduta egin nahi duten erabakitzeko aukera izatea delako. Eta bestetik, modu autonomoan mugituz gero, haurrek esperientzia eta bizipen gehiago eta aberatsagoak dituzte ondoren partekatzeko.

Haurrak aktiboagoak eta osasuntsuagoak izateko aukera ere eskaintzen du egitasmoak, izan ere, sedentarismoaren aurka egin eta horren gomendagarria den jarduera fisikoari ekarpen egiten zaio ikasgeletara oinez, txirringaz ala patinetean joanez.

Azkenik, haurrak jarduera fisikoa egin ostean, argi eta erlaxatuagoak heltzen dira eskolara, ikaskuntza prozesua erraztuz.