Naiz+ Naiz+

Haurren auzoa

Gasteizko Alde Zaharreko guraso talde batek, “Haurren Auzoa” proiektua aurkeztu du Gasteizko Udalak iaztik antolatzen duen Vitoria-Gasteiz hobetuz programaren barruan.

Alde Zaharreko gune batzuk egokitzea du helburu proiektuak, euren ustez auzoko bizilagunentzat ez dago-eta topaketa eta bizikidetzarako gune egokirik. Auzoko txikienak ditu ardatz proiektuak eta haurrak protagonistak bihurtuz, euren nahi eta beharrean araberako auzoa da eraiki nahi dutena.

Francesco Tonucci psikologia ikerlaria ezaguna da 1991. urtean bere jaioterrian, Italiako Fano herrian Udalarekin batera “Haurren hiria” egitasmoa martxan jarri zuenetik. Harrez gero, Italiako ehun herritan jarri zen martxan egitasmoa eta ekarpen handiak egin ditu Argentinan, Mexikon, Kolonbian, Perun, Katalunian eta abarren. Filosofia hori Euskal Herrira iristen ari da eta hirietako espazioa antolatzeko erak etxeko txikienengan duen eragina aztertu, eta umeen autonomia sustatu nahi duen hiri ereduen alde egin nahi du.

Tonucciren filosofian oinarritzen da Gasteizko Alde Zaharra biziberritzeko plan hau. Hasteko, haurren autonomia sustatu asmoz zenbait tailer egin nahi dituzte, eta, bertan, zer nolakoa parkea nahi duten erabaki behar dute. Behin erabakita, gauzatzerako orduan ere umeen inplikazio zuzena sustatu nahi du proiektuak. Zehazki, Etxauri plaza, Etxanobe parkea edo Martin Tippia plaza dira aldatu nahi direnak.

Hala Bediren bideo honek proiektuaren ezaugarriak jasotzen ditu. Urriaren 9tik 22ra bozkatu ahalko dira proiektuak. Informazio gehiagorako eta bozkatzeko aukera hementxe.