Naiz+ Naiz+

Haurren pentsaera zientifikoa pizteko esperimentu liburua

Thinkstockphotos-122432447
zientzia

4-8 urteko neska-mutikoentzako esperimentu-liburu berria kaleratu du Elhuyarrek. ‘Ume jakinguratsuen esperimentu-liburua’ du goiburu eta liburu honek haurrek pentsaera zientifikoa garatzeko bidean guraso eta irakasleak gidatu nahi ditu.

Elhuyarren aburuz, bizitza errealeko esperientzien bidez, ume txikiak gai dira esperimentuak diseinatu, egindako aurrerapena dokumentatu eta aurkikuntzen berri emateko eta egiteko horretan bidelagun izan nahi du liburu honekin.

Haurrak pentsaera zientifikoan trebatzeko 100 ariketa praktiko proposatzen ditu liburuak. Ariketak aldiz, zortzi kapitulutan daude banatuta: Landareak eta haziak, Ura eta izotza,
Lizuna, bakterioak eta onddoak, Ingeniaritza,Janaria eta gozokiak,Bikarbonatoa eta ozpina, Ingurumen-zientzia eta Bizidunak.

Kapitulu bakoitzaren hasieran, jarduerarako beharrezkoak diren gaitasunak edo teknikak aipatzen dira, bai eta kapitulu horretan beharko den material guztiaren zerrenda bat ere.

Liburuan jarduera erraz eta dibertigarri ugari daude; Elhuyarrentzat, baina, egitasmoaren benetako balioa umeengan intuizioa eta gauzak aztertzeko eta aurkitzeko sena pizteko bidean guraso eta irakasleek bertan aurkitzen duten laguntza da.

Asia Citro da liburuaren egilea eta Elhuyarreko Maddi Aranguren Zubimendi eta Ane Goenaga Unamuno aritu dira liburua euskaratzeko lanetan.

Liburua Euskal Herriko liburu-dendatan eskuragarri dago dagoeneko, baita Elhuyarrek bere web orrian duen dendan ere. Hemen duzu lotura.