Naiz+ Naiz+

Heriotzaren politikatik bizitzaren politikara, Bolivian

Bol2_0
Bolivian diren brigadistak.

Bolivia ere bada euskal brigaden jomugetako bat eta bertako errealitatea ezagutzen ari dira egunotan hainbat euskal herritar. Bertatik igorri digute ongi bizitzaren inguruko honako hausnarketa.

2005etik aurrera Boliviako herria eraldaketa prozesu bat aurrera eramaten ari da. Indar eraldatzaileek 2 aukera dituzte: ordena zaharra mantendu edo benetako eraldaketa gauzatu. Benetako eraldaketa gauzatzeko mundua beste era batean pentsatu behar dugu. Europan hegemoniko diren neoliberalismo, kapitalismo eta patriarkatuak sortu duten gizartea dominazioan eta explotazion oinarritua dago. Eta hori Boliviara zein Latinoamerikara hedatu da. Mundua gizonaren (patriarkala), norbanakoaren (indibiduala), mendebaldearen (arrazista), ikuspuntutik pentsatzen da. Boliviaren erronketako bat da balore horiei buelta eman eta ondo bizitzea erdigunean jartzea. Nola? Bizitza emakumearen, indigenaren, langileriaren ikuspuntutik pentsatuz, kosmosarekin oreka mantenduz. Eta horretarako beharrezkoa da bizitza eta bizitzaren erreprodukzioa oinarri dituen politika, kultura eta ekonomia garatzea.

Bolivian ongi bizitzearen baloreak konstituzioan jaso zituzten. Ongi bizitzea bizitza filosofia da, eta erronka nagusia balio horiek praktikara eramatea da, batez ere, hiriguneetan. Pentsamendu indigenaren arabera, kapitalismoaz gain, sozialismoa ere mendebaldean pentsatu da. Hortaz, sozialismoa bera birpentsatu behar da, komunitatea erdigunean jarriz. Hortik eratorri dira sozialismo zein feminismo komunitarioaren proposamenak.

Euskal Herrira etorrita, feminismoak saiakera egin du bizitza erdigunean jartzeko. Ekonomia feministaren oinarria hori izanik, aurten Azpeitian Bilgune Feministak antolatutako ekonomia feminista foroan ongi bizitzearen norabidean dauden praktikak azaldu ziren: elikadura burujabetza, gure lurraren defentsa, ekonomia sozial eraldatzailea, etab.

Dena den, ongi bizitzea ez da arlo batean aplikatu beharreko zerbait, bizitzako esparru guztietan baizik. Horretarako galdera andana ditugu nork bere buruari eta herriari egiteko. Adibidez, nola sor genezake naturarekin orekan dagoen fabrika bat? Inolako klase, arraza zein genero dominaziorik gabekoa? Komunitatean, indibidualismorik gabe funtzionatuko duena? Nola egingo dugu?