\n"}
Naiz+ Naiz+

Irakurzaletasuna sustatzeko ama baten trikimailu mundiala

Thinkstockphotos-656434576
irakurri

Thinkstock

Seme-alabei irakurtzeko ohitura hartzen lagundu guran, Italiako ama honek ohartxo hau itsatsi zuen hozkailuko atean: «Wifi-aren pasahitza aldatu dut eta aste honetan Anna Kareninak liburuan daraman soinekoaren kolorea da. Aizue, liburuan esan dut, ez filmean! Zorte on!». Oharrak gainera, datorren asteko erronkaren berri ematen zuen. «P.D: Alexandre Dumasen 'Montecristoko Kondea' irakurtzen hasi naiz»

Amarruak seme alaben irakurketa sustatu ote zuen ez dakigun arren, sare sozialetan trikimailuaren arrakasta itzela izan da. Facebooken, adibidez, Mamme che scrivono messaggi su WhatsApp, –WhatsApp mezuak idazten dituzten amak– taldearen perfilean partekatutako posta 20.000 aldiz izan da elkarbanatua eta ehunka iruzkin bildu ditu. Askok ama honen irudimena txalotu duten arren, badira ere irakurzaletasuna inposatu behar ez dela diotenak.

Gazteei zuzendutako Alex Colt sagaren egile den Juan Gomez Jurado idazleak ere gogoko izan du ekimena eta gogoz defendatu du ama honen jarduna bere Twitter kontuan. Haren aburuz, «irakurketa ez da hobby bat, ez da zaletasun bat, gizakiaren garapenean garrantzi berezia duen ekintza baizik». Horiek horrela, seme alaben gaitasunak garatzen laguntzeko ama honek asmatutako jolasa «miresgarria» dela deritzo. Bere txioa ere ia 8.000 aldiz izan da elkarbanatua.