Naiz+ Naiz+

Jolas sena sustatu nahi duten parke ezberdinak

Captura_de_pantalla_2017-09-05_a_las_9.15.56
azpeitia

Azpeitian diseinatu eta eraiki berri duten jolas parkea da irudikoa. Aisialdirako eta naturaz gozatzeko gunea da, izan ere, belardiak, zuhaitzak eta ura dira parke berri honen osagai nagusiak.

Kimu Bat enpresak eraiki du jolasgunea eta Facebooken partekatu ditu argazkiak. Ordu gutxiren bueltan atsegin anitz bildu ditu eta maiz izan da elkarbanatua

Azpeitikoa ez da baina gure artean dagoen parke berezi bakarra, hamaika dira Euskal Herrian barrena ezkutatzen diren jolas gune xarmagarriak. Haiek deskubritzeko tresna lagungarri bat dugu eskuartean orain, izan ere, Txatxilipurdik Jolasparkeak.eus gida osatzen ari da.

Euskal Herriko jolasguneen gida izan nahi du Jolasparkeak.eus ataria eta bertan zazpi herrialdeetako aire libreko jolaserako gune esanguratsuenak aurkitu ditzakegu. Bi multzotan sailkatutako aire librerako jolaserako espazioak. Batetik, jolaserako espreski sortutako parkeak daude, eta, bestetik, jolaserako ere egokiak diren aire libreko espazioak. Hala nola; plazak, parkeak, frontoiak, kontzejupeak…

Gidan, noski, ez daude Euskal Herriko parke guzti guztiak. Guneak aukeratzeko orduan hainbat irizpide hartu dituzte aintzat, hala nola, parkea ahalik eta material naturalenekin egina izatea edo hura osatzen duten elementuek motrizitatea, sormena eta haurraren abentura sena sustatzea. Herrigintzatik abiatutako parkeak izatea, kolore neutroak erabiltzea, doakoak eta estaliak izatea eta kanpo espazioan jolaserako aukera eskaintzea ere hartu dute aintzat.

Azken hamarkadetan ohikoa bilakatu diren patroi berdineko jolas parkeen aurrean aukerak daudela erakutsi nahi du gida honek.