Naiz+ Naiz+

Jose Urbizu, aitaren bila joateagatik faxistek fusilatu zuten


Herri Zapalkuntzaren Lekuko Batzuk liburutik.

Pertsona adina istorio bortiz ditu frankismoak gurean. Iazko apirilean Aranzadik eta Nafarroako Fusilatuen Elkarteak hainbat hilotz topatu zituzten eta pasa den astean horietako bat identifikatzea lortu zuten, Jose Urbizu Berasategi zegamarra zen. Bere istorioa jaso zuen Zegamako memoria historikoa berpizteko lan batean Angel Idigorasek eta helarazi egin digu. Aita fusilatu zuten soroan lanean ari zela eta bere bila abiatzean hil zuten Jose gaztea.

Ulerkaitza dirudien arren herri ekimeneko eragileak dira frankismo garaiko desagertuen bila dabiltzanak eta identifikazio lanetan tematu direnak. Azken identifikazioa egitearekin batera senideren bat desagertuta dutenei horren berri emateko deialdia egin zuen fusilatuen elkarteak. Eposta: affna36@yahoo.es

Idigorasek igorritako mezuan 2006an argitaratu zuen ‘Herri zapalkuntzaren lekuko batzuk’ liburuaren pasarteak helarazi dizkigu eta bertan senideek orain zortzi urte idatzitako eskakizuna (aurrerago gutun osoa): «Etxegaratetik igarotzen garen guztietan gogoratuko ditugu gureak, ‘hemen dago gure aitona’. Nafarroatik igarotzen garenetan ere, oraindik ezagutzen ez dugun lekuren batean, bere aitaren bila ibiltzea beste deliturik egin ez zuen osabaz gogoratzen gara. Nafarren batzuk, agian, jakingo dute non den. Guretzat, dagoeneko, 70 urte dira injustiziaz beteak».

Martin Urbizu Otaño zen orain identifikatu duten Joseren aita. Urtsuarango Otatxota baserrian jaiotakoa 1936ko abuztuaren 7an hil zuten faxistek. Idiazabalen, Etxegarateko igoeran, errepide baztar baten fusilatu eta bertan utzi zuten. Jose, semea, Aratz aldean ikazkintzan zebilela abisatu zuten aitaren berririk ez zegoela. Idigorasek hala jaso zuen Jose fusilatu zuten eguna: «1936ko abuztuaren 12a zen. Etxegarate-Nafarroa aldean, faxistekin egin omen zuen topo. Jakin zutenean nor zen, beraiek bazekitela non zegoen haren aita eta eramango zutela hura zegoen lekura agindu ondoren, Olaziko kotxe batean sartu omen zuten. Bidean konturatu zen zer zetorkion, eta ateratzeko agindua eman ziotenean, berak ez zuen atera nahi izan. Ondorioz, kotxe barruan tirokatu zuten; eta beti uste izan da Urbasako zuloren batetik behera, bota zutela. Gaur da oraindik, 70 urte geroago, haren sendiak gorputzik aurkitu ez duena». Pasa den astean identifikatu zuten Jose Urbizu, Urbasan iaz Aranzadik eta Nafarroako Fusilatuen Elkarteak aurkitutakoetako bat, bera zela.

Hona, Idigorasek bere lanean jaso zuen familiakoen gutuna:

Martin Urbizu Otaño eta Joxe Urbizu Berasategi

Badira urteak, gure ama eta honen anai-arrebak sufrimendu handiz betirako markatu zituzten gertaerek behin eta berriro geure familia asaldatzen dutela.

25 urte beteak nituela ezagutu nuen lehenengoz Zegama. Saminez aipatua zidaten herria, alegia. Maitasunez ere entzunak nituen ordea, geurea bezalako familia xumeekikoak eta mespretxuz, bai eta ikaraz ere, gerrate hartako irabazleekikoak.

Jaio zireneko paisaia eta natura, artzainen bizitza, Urbian igarotako udarak eta, noski trena beraien etxetik oso gertu pasatzeak suposatu zuen garapena maitasun eta oroitzapen onez gogoratzen zuten etxekoek. Donostiara joatea errazagoa egiten zitzaien Zegamara jaistea baino. Honekin, eta bizitzea tokatu zitzaien garaia kontuan izanda, bizitza eta kontzeptuak erabat aldatu zitzaizkien aurretik aipatutakoei.

Isabel Urbizu Berasategiren seme-alabak, Martin Urbizu Otañoren bilobak eta Joxe Urbizu Berasategiren ilobak gara.

Beti izango dira geure memorian. Etxegaratetik igarotzen garen guztietan gogoratuko ditugu geureak, ‘hemen dago gure aitona’. Nafarroatik igarotzen garenetan ere, oraindik ezagutzen ez dugun lekuren batean, bere aitaren bila ibiltzea beste deliturik egin ez zuen osabaz gogoratzen gara. Nafarren batzuk, agian, jakingo dute non den. Guretzat, dagoeneko, 70 urte dira injustiziaz beteak.

Denon eskutik etorri da injustizia, ordea, beldurtutako herri batetik, agintari mespretxuzaleengandik, ausardiarik gabeko eliza batetik... Gure aitona, sinestuna zen, elizara joaten zen horietako eta jatorra gainera.

Osabak, berriz, aurretik aipatutako estamentuen onuraz eta inmunitateaz gozatzen zuten koadrila haien gehiegikeria kriminalak jasan behar izan zituen.

Gure aitonaren bekatu ‘handia’, bost alaba eder eta lau seme indartsu eta osasuntsu ondorengotzat uztea izan zen.

Gure ama, garaiko beste hainbat neskatilaren antzera, 8-12 urte bitartean irten zen etxetik eguneroko ogiaren bila. Bizitzan errespetatuak izan zitezen, auskalo zenbat egoera bizi behar izan zituzten. HAiek guztiak, adimentsuak, eskuzabalak, oso gizatiarrak, txukunak eta langileak izan ziren, baina bizitzea tokatutako garaiak ez zien barkatu!

Garai hartako Espainian, beste hainbat herritan bezala, gutxi batzuen agindupean hartutako herri txikiak ez zuen munduan eta historian aurkeztutako gertaeren mala mantentzen jakin izan, eta tragedia sortu zen.

Hainbeste min ekarri zuten agintari faxisten eskutik bazkatutako gazte eta ez hain gazteek, gerra urteetan, bai eta ondorengo beste hainbat urtetan ere, lasaitasunez bizi ahal izan zuten.

Han jarraitzen dute Idiazabal eta Nafarroako lekuren batean, Martin Urbizu Otaño ‘Martin Haundi’-k eta Joxe Urbizu Berasategik. Familiakook, geureak aurkitu ahal izan ditzagun eta gertaerak argi daitezen, laguntza eskatu nahi dugu.

Laguntza eskatzean, gainera, ez dugu geure familiarengatik bakarrik egiten, bai ordea hainbeste esateko duen Eliza euskaldunarengatik, bai eta Zegamako herriarengatik ere. Honek herriko hainbat bizilagunen osasun mentalari ere eragiten baitio neurri handi batean. Demokraziaz hitz eginez ahoa betetzen zaion herri honengatik, geure historiarengatik, justiziarengatik, negar malkotan samindutako amona, guraso, osaba-izeba eta lehengusuekin geure haurtzaroa pasa behar izanagatik, alegia.

Zerbait zor diguzue. Beraiek ere izan zirela ezagutaraztea behar dugu guk, baita zeuok ere.

‘Martin Handi’-ren etxabola, berehala bota bazen ere, ‘hemen ez zen ezer gertatu’ esanaz Oltzara joateak, ezinezkoa behar luke gogoratzeko.

Ahaztezina behar luke izan, bertako artzainentzat behintzat, Martin, jaio zenetik Urbian egon zela. Gazta inork gutxik bezala egiteaz gainera, gizon osoa izan zela. Ahaztezina dugun bezala, haren semea, aitaren bila 5 egun aritu ondoren, Nafarroan, kotxe batean eraila izan zela.

Honek guztiak eta beste hainbatek Zegamako tragedia osatzen dute 1936ko abuztuaren 7 eta 12an.

Nafar eta gipuzkoarrok, bakean goian geunden, jar ezazue zuen aldetik ahal duzuen guztia.

Zabaleta Urbizu familia