Naiz+ Naiz+

Sexu erasoez akusatutako PPko zinegotziaren dimisioa exijitzeko, dantzan Durangoko Udalbatzan

Sexu erasoak leporatuta salatutako PPko zinegotzi Fran Garateren dimisioa exijitzeko, kantuan eta dantzan eten zuen Durangoko mugimendu feministak Udaleko atzoko Osoko Bilkura. Aurpegian beste hainbat ekintza desobedienteetan ikusitako maskarak eta bafletik ‘No woman no cry’ abestiaren bertsio berri bat entzuten zela, hamarnaka lagun altxatu eta dantzan okupatu zuen Udalbatza. Fran Garate Udalbatzan «soberan» dagoela aldarrikatzeaz «obarixuek arte» daudela berretsi eta erasotzaileak «kanpora» eta Udal Gobernua «errauskailura» bidali zituzten kantuan.

Garate martxoan izan zen sexu abusuak egotzita atxilotua eta ordutik birritan hurbildu da mugimendu feminista Udalbatzara bere kargua utz dezan exijitzera. Lehenengo mozioan dimisioa eskatu zuen bitartean, bigarrenean liberazioa kentzea galdegin zuen. Dimisio eskariak aurrera egin zuen, EH Bilduk aurkeztutako mozioa babestu egin zuen Herriaren Eskubidea plataformak eta abstenitu egin ziren EAJ eta PSE.

Atzokoan, mugimendu feministak udalbatza okupatzerakoan, Garate eta beste hainbat zinegotzi aretotik irtenda gobernuko arduradunek bilkura bertan behera uztea erabaki zuten.