Naiz+ Naiz+

«No time for love»

Sare sozialetan oihartzun zabala lortu du egunotan Fariba Sheikhan eta Iker Laurobaren «No time for Love» abestiaren bertsioak. Joan den astean ETBko Tumatxak saioan entzun ahal izan zen gerraren aurkako ereserkia honen azken bertsioa eta ordutik bolo bolo dabil sarean.

Fariba Sheikhanek eta Iker Laurobak letra gaurkotu eta Euskal Herrira ere ekarri dute. Bertan presoek bizi duten egoera azaltzeaz gainera, Rafa Diez eta Arnaldo Otegi dituzte gogoan doinu ezin hunkigarriagoan. Hala diote abestian zehar: «Etorri ziren Rafa Diez, Arnaldo Otegi eta lagunen bila» ala «Tortura sufritzen, zeldatan usteltzen, gutunak idazten eta bertan hil. Eutsi zioten minari baina bakardadeak irentsi».

Gurean Hertzainak taldeak ezagutarazi zuen arren, New Yorkeko Jack Warshaw musikariarena da "No time for love" kantua. Munduan barrena, guda eta injustizien aurkako ereserkia bihurtu da abestia herri askotan.