Naiz+ Naiz+

Uruguai ezagututa, Argentinan dira euskal brigadistak

Argentia
Uruguai eta Argentinako brigada

Montevideon abiatu du bidaia Askapenako brigada honek. Montevideon, herri mugimendu anitz eta euskal errefuxiatuen aldeko manifestazio batean Filtron hildako Fernando Morroniren ama, Norma Morroni, ezagutu ostean Argentinako muga zeharkatu eta bertako errealitatea ezagutzen ari dira.

Hona hemen lehen kronika:

Montevideon hasi dugu aurtengo brigada. Bertan unibertsitateko langileen sindikatuan (AFFUR) hartu gaituzte. Sindikatu honetan, irakasleak ez diren unibertsitateko langileek euren eskubideen alde borrokatzen dute. Gaur egun, euren aldarria, ikasle eta irakasleekin batera, gobernuak hezkuntzan behintzat BPGaren %6 inbertitzea da hezkuntzaren egoera hobetzeko. Ondorengo egunean, taxisten sindikatuko egoitzan Plenaria Memoria y Justicia eta Norma Morronirekin bildu ginen.

Montevideoko taxisten sindikatuak herri mugimendu ezberdinei ateak irekitzen dizkie. Hauen artean, Plenaria Memoria y Justicia erakundea aurkitzen da  herrialde honetan gure brigadaren kontrapartea delarik. Hauek, Uruguaiko memoria historikoa landu eta errepresioa salatzen dute. Plenariak, Filtroko gertakarien martxan parte hartzen du, 1994ean euskal herriko errefuxiatuekin elkartasuna adierazteagatik (hauen deportazioa ekiditeko) poliziak 2 lagun hil zituen, Fernando Morroni eta Roberto Facal. Norma Morroni, Fernandoren ama, ezagutzeak kriston emozioa eta ilusioa sorrarazi digu.

Lehenengo kontaktu honekin, Abuztuak 24ean egingo den Filtroko gertakarien martxarako eta brigadarako hainbat gauza zehaztu ostean, Argentinara bidean jarri gara. Buenos Airesen Resumen Latinoamericano aldizkariko kideekin batu gara. Hauek hemen gure kontrapartea izango dira.

Kontrainformazioa bultzatuz, inperialismoaren eta kapitalismoaren diskurtsoari aurre egiten diote. Kontinente amerikarreko egoeraz informatzeaz gain, Euskal Herriaren eta Ekialde Hurbileko gatazkei buruz hitz egiten dute. Hauen eskutik, Convocatoria Segunda Independenciako lagunekin batu gara . Hauek, Argentinako historiari buruzko argibide batzuk eman dizkigute. Kolonizazio basatiak eta hegoalde Europako emigrazioek markatutako historia.

Egungo egoera soziopolitikoari ere erreparatu diogu. Argentinan 44 milioi pertsona bizi dira, gehienak hiri handietan, Buenos Airesen 17 milioi. Hau horrela, masifikatutako hiriburuak eta populazio baxuko eremu zabalek osatzen dute herrialdea. Lur hauetan 400 milioi pertsonarentzako elikagaiak produzitzen badira ere (biztanleria hamar aldiz), biztanleriaren gehiengoa pobrezian (%40) hauetatik erdia miseria gorrian (%20) bizi da. Izan ere lurraren gehiengoa lurjabe eta multinazional handien eskuetan dago, sojaren (Monsanto) eta abereen agroindustria nagusi izanik. Interes kapitalistek ezarritako desoreka honek, hiri handietan agertzen du bere islada handiena: hirietako erdialdeko luxua eta hau inguratzen duten auzune popularretako pobrezia. Bizi esperantza datuek baieztatzen dutena.

Segunda Independenciakoei gure herriaren zapalkuntza egoerari buruzko ikuspegia helarazi ostean, herrialdeko bigarren hiri handienera bidean jarri gara. Cordoban batez ere Encuentro de Organizacionesekoekin egon gara. Kide hauek, Cordoba hirian eta bere inguruan dauden hainbat erakunde ezberdin bildu egiten dituzte. Beraiekin, “por paz, pan, techo y trabajo” manifestaldian izan ginen. Asteko egun bat izateko, jende asko elkartu ginen Cordobako kaleetan. Aipatzekoa da, Argentinan burutzen diren manifestaldiak euskal herrikoekin konparatuz gero oso ezberdinak direla. Gure kasuan, pertsona guztiak pankarta beraren atzetik bagoaz ere, beraien kasuan erakunde bakoitzak bere pankarta eramaten du eta ez dute bata bestearekin nahasteko ohiturarik. Era berean, manifestaldia hasi aurretik, jendearen aurrean hitza hartzeko parada izan genuen, eta euskal herriaren elkartasuna adierazi genien beraien borroka eta errepresio une gogor hauetan.

Hurrengo egunean, Encuentro de Organizaciones elkartearen kideek beraien lana azaldu ziguten. Guzti hauetatik nabarmendu nahiko genuke ekonomia herrikoia eta elikadura subirautza lortzeko sortzen dituzten alternatiba ezberdinak. Batzuk aipatzearren, lur eremu berreskuratuak, kooperatibak (arropa, oiloak, “cartoneros”), eskola herrikoia, etab. Erakunde guztiek heldu arazi digute biztanleagoaren sektore baztertuak eta beraiekin lan egiten duten erakundeek pairatzen ari diren errepresio bortitza, hauen eragileak indar polizialak, parapolizialak eta narkoak direlarik agintarien babesarekin. Ekintza hauen ondorioz militanteen desagerpenak, atxiloketak eta pertsona behartsuen erailketak izan dira.