Naiz+ Naiz+

Zutik emakumeak, baita pixa egiterakoan ere

Donostiako Aste Nagusian kaian egindako ekintza feminista honen berri izan dugu.

Hauxe ekintza inguruan zabaldu zuten irakurketa:

Gaurkoan hemen bildu garenok ezinbesteko ikusi dugu ekintza hau burutzea jendarte feminista bat garatzeko konpromiso irmoa dugun heinean. Bizi garen jendarte patriarkal honek argi eta garbi arautzen digu nola jantzi behar garen, nola harremandu, larrua nola eta norekin jo, sentimenduak noiz eta nola adierazi eta abar luze bat. Gure oinarrizko behar fisiologikoak nola egin ere arautzen digu, bai. Ez da ausazkoa pixa egiteko dugun era bera. Arkitektura aliatu berezia da kasu honetan; izan ere, berak funtzio biologikoak naturalizatzen laguntzen du, baina ezkutuan generoa eraikitzen dirau. Gaurko ekintzaren bidez pixaren iraultzari bultzadatxo bat ematen diogu.

Zakila duten gizonezkoentzat pentsatuak dauden pixatokiak okupatu ditugu espazio askeak bilakatzeko. Pixatoki hauek gizon-emakume eta ar-eme dikotomien errepresentazio gordina izateaz gain, berauek bermatu eta eraikitzeko tresna ere badira. Aldi berean heteroaraua bermatu eta transfobia garatzen laguntzen duten tresnak ere badira, ez baitutelako anbiguoa dena onartzen, edo arauan zaude edo ez daukazu pixa egiteko eremu askerik. Emakumeok eremu pribatuan egiten ditugun lan inbisibilizatu guztiak bezala ikusezin bilakatzen da gure pixa egiteko era. Gizonezkoek publikoan eta gainera lagunartean egiten dute pixa, horretarako erreminta pixatokia bera delarik. Gizonezkoek zutik, emakumeak eserita, botereaz zerbait diosku honek. Eta gainera, emakumeak errenkadan itxoiten, zergatik ez dira hirukoizten konketadun komunak? Zergatik dira oraindik ere gaur egun hain ezerosoak?

Potxetonak erabili ditugu gaurkoan zutik pixa egiteko. Aukera ona eta erreza da, zutik egiten probatu dugu, gustatu zaigu eta horretarako espazioak aldarrikatzen ditugu, gure aluek merezi dutelako.

 Baditugu erreminta eta lagunak guzti honi buelta emateko, eta honetarako prest gatoz. Neska naiz mutil, gizon izendatu, emakume zakildun, queer edota intersexual, edonola eta edozein tokitan pixa egin nahi dugu. Guk erabakitzen dugulako nola jantzi, non eta norekin erantzi eta nola pixa egin, horrela patriarkatuaren hesiari beste zulo bat egingo diogulako.