0 iruzkin

Bueltan da Maizterren Sindikatua

Maizter hitzarekin garai bateko baserriak datozkigu burura, landa-eremua, abereak, jabetza eskasak... garai gogorrak. XXI. mendeko Bartzelonan halakoxe garaiak bizi dituztela iritzi diote eta neoliberalismoaren gentrifikazioari, hau da, etxebizitzak alokatzen dituzten jabeen (norbanako, higiezin-enpresa zein inbertsio-funtsen) eta haien mesedetara dauden legeen gehiegikeriei aurre egiteko batu eta sindikatua eratzea erabaki dute.

 

Bihar, maiatzak 12, aurkeztuko dute jendaurrean eta jada itzelezko arrakasta baino ezin aurreikus dezakegu. Informazio osoa twitter eta facebook-en topatuko duzue.

 

Eta bai, maizterrak berriz ere hemen dira, modan daude... 1932ko Bartzelonan alokairu-greba hura egin zutenean bezalaxe. Bartzelonan bidea irekitzen hasiak dira, Euskal Herrian gentrifikazioaren arazoak agerikoak dira... maizterrak, subjektu antolatu gisa, bueltan izango al ditugu hemen ere?