Ruben Pascual
Ruben Pascual

Bai, baina ez. Ez, baina bai

Kanpainan hitz egitea doan da. Hautesleok bereganatuta daukagu boto kutxetara gerturatu aurretik kanpainak dakarren «barra librea» sufritu beharra daukagula. Proposamen arranditsuak. Ahapeka eginiko promes txikiak. Berdin dio. Gustu guztiak asetzeko adina titular dago egunotan.

Hori bai, eskertuko genuke, bederen, alderdi bera ordezkatzen dutenek aho batez hitz egingo balute. Honakoa ez da alderdien baitako ortodoxiaren aldeko aldarria. Ez. Beste zerbait bat da. Hautesle izan daitezkeenek jakin behar dute argi eta garbi zer eskaintzen zaien, eta nola egingo den. Ez da posible azken urteotan polemika handiak eragin dituzten aferen inguruan pertsona beste aburu ikustea alderdi baten barruan.

Gaur bertan, Donostiako Udalerako PSEren zerrendan bigarren postuan doan Duñike Agirrezabalagaren hitzak irakurri ditugu, esanez duela nahiago erraustegirik ez egitea. Zubietako proiektua bertan behera gelditu zenean EH Bildu egurtu zuten bere alderdiko kideek zer esango dute honi buruz?

Bizkaiko ahaldun nagusi izateko PSEren hautagai Carlos Totorikak, aldiz, adierazi du «zalantzarik gabe» nahiago duela bidegorriak lehenestea AHTren aurretik. Duela bi aste, bere alderdiak, EAJ eta PPrekin eskutik hartuta, Madrilgo Gobernuari dei egin zion Gasteizko Legebiltzarretik AHT abiadura handiko trenbidea ahalik eta azkarren eraikia izan dadin.

Bi adibide dira. Bi tanta ozeano batean.Kanpainak beste zerbait behar luke izan. Ez beste hautagaiak larrutu eta zernahi esateko parada ematen duten hamabost egun. Denak ez du balio. Herritarrengan, ekonomiarengan eta beste hainbat eremutan horrenbesteko eragina izango duten proiektuen inguruan mintzatzean, seriotasun apur da hautagaiei eska dakiekeen gutxienekoa. Hori bederen.

Ez da posible goizean «bai, baina ez» esatea, eta arratsaldean «ez, baina bai».

Bilatu