Ariane Kamio
Ariane Kamio
7k-ko editorea

Auto-sinestea

Ahopean hitz egiten du umeak. "Gaur ez naiz ikastolan jator portatu". Zer? "Gaur ez naiz ikastolan jator portatu". Esaten ditu gaizki egindakoak, baina kasik entzun ezinezko bolumenean. Esan bai, baina gutxiago esan, esan izango ez balu bezala. Gertatutakoa desagertuko balitz bezala.

Sentitzen dut Ramon Sola, baina zure kronikaren bigarren zatiak atentzioa eman dit. Gainontzeko lerroek baino dezente gehiago. Kontramitina. Etxegabetzeak, pentsioak, eskulan merkea, Kutxabank...Elefante gainean jarri zitzaion bat baino gehiago EAJri atzo Donostian eskaini zuen ekitaldian, kanpainan zehar Gipuzkoan egingo duen garrantzitsuenetakoan. Goia, Olano, Egibar, Urkullu...

Eztabaida antzurik ez, ez eta aurrez-aurreko enfrentamendurik ere. «Kanpaina garbia» aldarrikatu zuten. Garbitasuna desinfekziora eramateraino. Hitz zenbait garunetik ezabatzera ere iritsi direla ematen du. Bidegi, Bidegi, Bidegi, Bidegi, Bidegi... Ez dira akordatzen, antza.

Egunkariari kafearekin batera errepasoa ematearen kontuak. Bigarren geldialdia eginarazi dit Oihane Larretxeak. Ernesto Gascori elkarrizketa. Trabatuta geratu naiz seigarren galderan. «Donostiari buruz mezu katastrofistak igortzen dira, gizarte laguntza, ordea, laukoiztu egin dira, turismoa igo egin da eta EAEko hiriburu bakarra izan da 2014an langabezia tasa igo ez duena. Nola justifikatzen da ustezko noraez hori?». Ederra bota dio. Baina erantzuna prest zeukan Gascok. Gehien kezkatzen diona gazteek beraien etorkizuna Donostian garatzeko aukerak ez izatea omen da. Lastima. Azken lau urteetan ozen esandakoak ahopeko solas bihurtu da. Politikaren metamorfosia.

EAJ+PSE hitzarmena. Ahoz aho dabilen ahopeko elea. Mamma mia! Badirudi bidea baduela balizko akordio horrek, baina zifrak esku artean izan arte nekez baieztatu ahal izango da bideragarritasun maila. Edo botere banaketarako gogoa. Edo interes kontzientziak aholkatzen duena.

Umeak, ahopean hitz eginda ere, edozein gurasok aurreikus dezake jokabide berbera izango duela besteren batean. Errepikatuko duela hankasartzea. Aitortutakoa pasatzen utzi duela, gertatu dela baina apenas gertatu dela, eta bere buruari sinestarazi diola ez duela ez berak eta ez bere inguruko inork ez duela pasatakoa bere memorian gordeko. Gezurra irentsi du. Eta auto-sinestu egin da. Aitortu, behintzat, aitortu du. Eta ez da gutxi. Nahiz eta ahopean hitz egiteko teknika ondo barneratua duen. Denok umeak bezalakoak bagina...

 

Bilatu