Ariane Kamio
Ariane Kamio
7k-ko editorea

Lilura

Galdera. Ekuazioa absolutura eramana. "Zer nahi dugu?'". Hortxe. Zuzen. Norbaitek erantzunik badu, altxa dezala eskua. Hurrengo bi asteetarako arropak lisatuta daude. Egun bakoitzean irudi desberdina. Ofizialtasunari gorbata. Informaltasunari "sport" itxura. Pentsatuta dago dena. Gertutasuna. Xalotasuna. Segurtasuna. Irmotasuna. Zuhurtzia.

Zer ikusi, hura ikasi. Aurpegi atseginen garaia da. Ekuazio bera absolutura eramana. "Zer nahi duzu ematea?". Mitinak. Oratoria. Keinuen sintonia. Irribarrea. Kontrola. Asko dago jokoan eta estrategiak berebiziko garrantzia izango du datozen bi asteetan. Zauriak bilatu eta behatza sartu. Ahal bada odolustu. Eta garaipena eskuratzen bada kiroltasuna erakutsi. Orduan bai, kiroltasuna. Horixe da egun politika.

Hauteskunde data gerturatu ahala, zenbaketa lanetan aritzea are interesgarriagoa izango da. Azken buruketa. "Zer lortuko da?". EAJ, EH Bildu, PSE, PP, UPN, Podemos, Geroa Bai. Inork hauteskunde egarria badu nondik edana izango du datozen egunetan. Gogoan izan, baina, lilura honek soilik bi astetako biziraupena izango duela. Egin amets eta gozatu belarriak. Gure zerbitzura daude denak.

Erabakia. Bozka. Sufragioa. Elekzioa. Hori da soilik erreala izango den bakarra.

Hau ‘Boz populi’ da.

Bilatu