Ariane Kamio
Ariane Kamio
7k-ko editorea

Luzeeeeee... zzzzzzzz...

Kanpaina. Ditxosozko kanpaina. Hauteskundeen aurretik pasa beharreko bidesaria. Zirrara hauteskunde egunean. Nor bere alderdi madarikatuaren emaitzen zain. Herrian zenbat bozka, lurraldean lortutako ordezkari kopurua, garaipena edo porrota. Zenbat gustatzen zaigun hauteskunde gaua. Kalean bizitzeko edo etxean, EiTBrengan begiak iltzatuta, beheko errotuloetan herriko izena eta emaitza definitiboak noiz agertuko zain. Zizurkilen biziz gero, pazientzia galanta behar! Telefono bidezko mezuak, sare sozialak sutan, inprobisatutako analisiak... Sasi-jakituriaren plaza bete-beteta.

Baina ordura arte zer? Hamabost eguneko gurutze-bidea. Bai, gurutze-bidea. Askatuezinezkokorapiloeternoarenbetikogakozamatsuastunjasangaitza.... Aaaaaahh! Ederki geratu naiz. Ez al du inork esan behar bi astetako kanpaina (eta gutxienez beste hainbesteko edo gehiagoko aurrekanpaina) astunago baino astunagoa egiten dela?

Kazetari bezala, atzo aipatu umeen antzera, aitortzen hasiko naiz. Hambost egunok infinitoaren antzekoak dira. Luzeak baino luzeagoak. Eta orain, galdera. Benetan zerbaitetarako balio al du hainbeste eguneko borroka ideologiko askatu honek? Ezin al gintezke astebeterekin konformatu? Orokorrean diot. Bai kazetariontzat, bai hartzaileentzat eta baita politikarientzat beraientzat ere.

Izan ere, hamabost egunean, egunero zerbait desberdina kontatzea ez da lan makala izaten. Iruñeko Udalerako PSNko hautagai Maite Esporrinek eman du originaltasunaren saria. Kanpaina hasteko, yoga saioa. Estresa luzea izango da eta hurrengo egunetan.

 

Zenbateraino iritsi behar den egunkarietan argazkia lortzeko. Baina, egia esan, betiko mitin zurrun eta formaletatik ihesbidean dabiltzan begientzat distrakziorako aukera polita ere bada.

Hortaz, zenbateraino da errentagarria bi astetako kanpaina? Indar hustuketa itzela dakar epe luze horrek, ekitaldi eta ekimenetan joaten den diruaz aparte. Giza baliabideen garrantzia oinarri oinarrian jartzen da epe horretan; beti norbait behar zerbaitetarako, testuak idatzi, gidoiak egin, herritarren parte hartzea lotu, show-guneak finkatu edo kontratatu, teknikariak... Jesukristorena. Bai. Jesukristorena.

Zalantzazko bozka, azken uneko botoa, hauteskunde aurreko puntxa, masaren klimaxa bilatzea, atuoestimen gorakada... Hori guztia hamabost egunen helburuan. Gero, ostiral iluntzean, atea krisketaz itxi eta egindako guztiari gogoeta egun batekin agur esateko. Gogoetarako edo lasaialdirako eguna. Pake santua benetan itxaroten den egunaren aurretik. Konbentzituta bagaude dagoeneko. Ez dugu gehiagorik behar, ez hain epe luzean behintzat. Txakalaldia izango baita hurrena.

 

Bilatu