I. Zunzunegi blog naiz+

Nee, bedankt

(*)Blogean ikuspegi informatiboa mantentzea nahiago izaten dut, baina, gaur, argazki subjektibo bat konpartituko dut. 

Larunbatean, manifestazio bat burutu zen Bruselan, GAS (Gemeentelijke Administratieve Sancties) edo SAC (Sanction Administrative Communal) izenez ezagutzen diren isunen kontra. Lelo nagusia hori zen: GAS, NEE BEDANKT (Udal Isunak, Ez eskerrik asko).

 

Hara batu ginen euskaldun taldetxo bat, Flandriako lagun batek gonbidatuta. Bertan, TAK izena duen hizkuntza eskubideen aldeko mugimenduko kideekin batu ginen (Euskal Herrian Euskaraz antzeko mugimendua) eta horiekin batera VS-B Flandriako mugimendu independentista eta sozialistako kideak ere baziren. Izan ere, elkarte flandriar desberdinek, beste jendarte mugimendu batzuek bezala, isun asko jaso dituzte azken hilabeteotan, kalean kartelak jarri edo salaketa ekintzak egiteagatik.

 

Lagun honek azaldu zigun manifestazio anitza izango zela, bertan herri mugimenduak nagusiki bilduko zirela eta bi hizkuntz komunitateetako eragileek parte hartuko zutela. Bertara iritsi eta Flandriako herri mugimenduetako kideekin elkartu ginen. Talde txiki bat, 20 bat pertsona, giro onean.

 

Manifestazioa hastear zela, baina, kaputxadun sudaderaz jantzitako 6 gaztetxo gerturatu zitzaizkigun, batzuek aurpegia zapiekin estaltzen zuten eta gure aurrean jarri ziren harresi bat osatuz.

 

Helburua: flandriar talde hau manifestazioaren bukaeran batzea, hau da, azkenak joatea. Arrazoia: hizkuntzaren berreskurapenean aritzen den mugimendu honetako zenbait kide (ez denak, denetarik baitago) Flandriaren indepedentziaren aldeko posizio politikoa izatea.

 

Hemen, lagunak azaldu zigun moduan, ohikoa ei da. Ezker esparruan baztertuak izaten dira askotan, zenbaitek ulertzen baitu independentista edo abertzale izatea faxista izatea dela, esentzialki arrazista, xenofoboa eta LGTBQIfoboa. Guri ez zitzaigun egoera guztiz berria egin; burura etorri zitzaizkigun, Ipar Euskal Herrian eta Europan orohar jazotako egoera batzuk, “abertzaleak ez diren” jendarte mugimendu edo sindikatuek deialdi bateratuak egin dituztenean eman diren egoera batzuk.  

 

Hara, arrazoiketa mekanismoaren sinpletasunak, ni ona zu txarra, indarra emango dio, agian, argurdioari. Baina, egoera surrealista bizi izan genuen. Alde batetik, gure aurrean zen kordoia gero eta jendetsuagoa zen. Oihuak geroz eta ankerragoak, suziriak, kaputxak… parean geundenak, ordea, 20 bat pertsona, tartean ume txikiak, eta gu harritzerainoko pazientzia, irribarreak… Hala ere, erreakzio faltak kordoiaren jazarpena lausotu beharrean hura gogortu egin zuen, eta bukaerarako, 50 poliziek babesten gintuzten. Kordoia osatzen zutenek aurpegia estalita oihuka, amorrazioz: “Alerta, alerta, alerta anti-faxista” eta “No pasaran”, tartean, Belgikako banderak astintzen zituztela. Bi orduren bueltan, ekitaldia izango zen Boursera iritsi aurretik desbideratu behar izan gintuzten. Surrealista.

 

Larunbatekoak Bruselan, hurrengo egunean, igandean, Colon plazako irudietan ikusitakoaren antza izan dezake. Alde batean, ankerkeria, gerra gogoa, gorrotoa. Bestean, parte hartzeko motibazioa, irribarreak, probokazioan ez erortzeko humorea, eta beldur apur bat… Larunbatekoak, ordea, dakar lekzio txar bat; gure jarrerak ez zuen ekidin tentsioak gora egitea, une arriskutsuak bizitzeraino.

 

Guri balio izan digu. Lehenik topikoak baztertzeko, bertan faxistak ikusi baikenituen, baina ez flandriarren aldean, parean baizik, eta, bigarrenik, elkartasunetik konpromisora mugitzeko, hurrengoetan, hantxe izango baikara flandriar lagun ezkertiar hauekin batera faxismoari aurpegian irribarre eginez, esatera: Nee, Bedankt.

 

Karel Sterckx, Maitane Eraso, Iraide Lejarreta, Oier Imaz eta Itziar Zunzunegi