Alex Areizaga

IPARREGARRI: Urretxuko azken bardoaren kondaira

Datorren azaroaren 12an, Kkinzona Irrati Libreak 7 urte luzez grabatzen eta editatzen aritu den pelikula aurkeztuko du: “Iparregarri. Urretxuko azken bardoaren kondaira”. Ordubete irauten duen fikziozko filma da eta Urretxuko Labeaga aretoan aurkeztuko du, arratsaldeko 19:00etan.
 
Filmak Joxe Mari Iparragirreren istorio edo “abentura” bat kontatzen du, umorearen formula, edo hobeki esanda, umore absurduarena esplotatuz. Filmerako propio sortu den gidoiak, umoreaz gain, akzioa ere garatzen du, eta horren arduradun izango dira istorioan zehar agertuko diren pertsonaia eta mafioso taldeak. Umorez jantzitako gizartearekiko kritika zorrotzak ere agertarazten ditu filmak, elkarrizketa eta adierazpenetan senti daitezkeenak.
 
Istorioa Atxurza-Xemeingo konterrian kokatzen da. Miel Txopez konde ahalguztidunaren alaba ezkondu egin behar da, eta Miel Txopez-ek munduan daudenik eta ardo garestienak eraman nahi dtu ezkontzara, senargaiaren familia liluratu eta Irimo-Zazpi Puntako Dukatua mendean hartzeko. Bidean, bere umetako etsai An Doni Montañarekin egingo du topo eta Iparragirre hor erdian aurkituko da.

 


“Berunezko Justizia. Ixilik Bang zuen izena” erdimetraila aurkeztu zuenetik, Kkinzona irratiko ikus-entzunezkoen jarduna lan honetan zentratu da, bidean Euskal Harriaren ABDak egitasmorako “Deabru Debalde” film labur bikaina ekoiztu bazuen ere. Film labur honez gain, Gabiriako gazteekin “Baietz!” Eta “Benemeritoak” film laburrak ere ekoiztu ditu Kkinzona Produktions-ek.

 

7 urte hauetan, pelikularen grabaketek eta edizio lanek etenaldiak jasan dituzte, bereziki inguratzen gaituen errealitate gogorrak bultzatuta, eta era berean, filme hau errealitate ilun horri aurre egiteko formula ere bilakatu genuen. Horregatik diogu, azaroaren 12an proiektatuko duguna pelikula bat baina gehiago dela.
 
80 pertsonatik gora aritu dira aktore lanetan edota talde teknikoan eszena batean edo bestean, eta grabaketak Urretxu-Zumarragan, Ezkion, Beasainen, Donostian, Errioxan, Gabirian edota Senperen burutu dira, besteak beste.
 
Filma, 40 orrialdeko komiki batekin lagunduta salduko da. Komikia ere, irratiaren inguruko kideek egina da, filmeko pertsonaiengan oinarrituta dago, eta spin-off moduan, pelikularen aurreko istorio bat lantzen du, pelikulako pertsonaia batzuk errepikatuz.
 
Gure lanaren erreferentziak aipatzekotan, Pulp Fiction eta Monty Pithonen pelikulak aipa genitzake; Serigio Leonetik Leslie Nielsenera egon daitekeen bide fiktizioa, hain zuzen.