0 iruzkin

Eskularrurik ez Mosul-eko hildakoak hartzeko

Eskularrurik ez Mosul-eko hildakoak hartzeko

“Etxez etxe ibili ohi gara. Usainak agintzen digu non sartu. Askotan goragalea ematen du hildakoengana gerturatzeak baina oraindik ez dut ezagunik aurkitu. Ez dut uste behintzat ezagunak zirenik. Asko eta asko ez dakigu nor diren, Estatu Islamikokoak edo haien aurka hiri barruan altxatako milizia sunietakoak diren. Batzuk zibilak dira, emakume gutxi. Makilez lagundurik ateratzen ditugu geletatik usaina dela eta. Poltsikoak begiratzen dizkiegu ea karterarik edo halakorik duten jakiteko. Beste askotan soinean daramaten edozer gordetzen dugu eta non lurperatu ditugun apuntatzeko dugu. Senitartekoren bat etortzen bazaigu, erloju, eraztun edo horrelakoei esker identifikatzen ditugu. Gogorrena aldiz umeak dira, ez dute karterarik ezta objektu pertsonalik ere. Kasu askotan badakigu ez dituztela senitartekoek sekula aurkituko, baina guk musulman onak garenez, lurperatu behar ditugu ahalik eta duinenen”.

Okadaka hasi da Salman Ali (Mosul 1996), izkin batera joan eta botaka jardun du arik eta izerditan nigana gerturatu den arte. “Usainak ez dit azkeneko egun hauetan jaten utzi, lo gutxi egiten dut. Baina guk bakarrik egin dezakegu hau, nik eta nire lagunek” esan dit ingeles apal batean. Bere txanda dela esan dio lankideak. Musuzapia aho parean jarri eta gela ilun batean sartu da Salman Ali. Bere ordez irten den Saad Mustafa (Mosul 1982) ur botila batekin eskuak garbitzen ari da.

“Askotan ez dugu eskularrurik eta usteldutako gorpuak gure eskuekin hartu behar izaten ditugu”.

/