0 iruzkin

Guk geuk egiten dugu senitartekoen lana

Guk geuk egiten dugu senitartekoen lana

"Hasieran ez genekien gorpuekin zer egin. Baghdad-etik etorritako militar eta miliziek ez dute begi onez ikusten guk lan hau egitea. Baina beraiek ez dute ezer egiten eta kalean, mundu guztiaren aurrean uzten dituzte gorpuak. Usaindu, joan mezkita kanpora eta usaindu; auzo honek hilerri abandonatu baten usaina du" esan dit Salman-ek, Akram-ek itzulita.

"Asko exekutatuak dira. Atzean dituzte eskuak lotuta eta tortura zantzuak ere badituzte. Militarrek Estatu Islamikokoak direla diote, baina badakigu ez dela horrela. Gu zigortzera etorri dira Baghdadetik. Lurperatzeko ere arazoak jarri dizkigute. Hasieran auzo honetako hilerrian nahi genituen ehortzi, baina poliziak ateak itxi dizkigu. Gizon dirudun baten etxeko lorategian ari gara lurperatzen. Bere familiak ospa egin du, ez duelako hilen artean bizi nahi. Baina gizona zintzoa da eta ez ditu hildakoak kalean utzi nahi, ez da bidezkoa eta Koran-ak galerazi egiten du. Bertara eraman, errezo batzuk egin eta izenik ez duen gorpu bat lurperatzen dugu ahal dugun moduan. Gu gara familia lanak egiten dituen taldea. Gu gara bere senitartekoak. Ziurrenik, benetakoak ez dira sekula agertuko, baina norbaitek, azken unean, izan du hitzen bat beraientzako."

/