0 iruzkin

Mosul-eko kale garbitzaileak

Mosul-eko kale garbitzaileak

Bada gatazka baten ondoren normaltasunera ahalik eta azkarren bueltatu nahi duenik. Mosul-en orain gutxi Estatu Islamikoak kontrolatutako kaleetan kirats usain handia dago. Lurrean, askotan kale erdian, mantak eta maindireak daude hildakoen gorpuzkiak estaltzen. Egunez euliek eta gauez eltxoek begiak eta ahoa irekita mantentzea ezinezko egiten dute. Harrigarria zait porlan gris eta okre koloreko hiri honek dituen jardinetan zenbat objektu pertsonal aurki ditzakedan. Erlojuak, eskularruak, plastikozko hortzak (bai plastikozkoak), sakelako mugikorren bateriak (ez dakit zergatik baina izugarri ageri dira), eta abar. Izenik esan ez didan soldadu batek sua egiteko balio dezaketela esan dit eta jendeak horretarako erabiltzen zituela guda garaian. Ez dakit sinetsi edo ez. Kontuz ibiltzeko esan didate, agian oraindik zerbait lehertzeke egon litekeelako. Tentuz, pauso arinez, Ninive zaharreko kaleetan nabil udazkenean mendian onddoak biltzen dabilen perretxikozalea bezala. Aspaldian segatu ez den belar artean erloju bat aurkitu dut. Oraindik badabil eta ordu zuzena erakusten du. Zalantzan egon naiz hartu edo ez hartu. Azkenean ezezkoak irabazi eta bueltatu egin naiz, argazki bat atera ondoren. Norena ote zen jakitea gustatuko litzaidake, zergatik dagoen erloju hori dagoen tokian eta ez beste batean. Atzetik lau laguneko talde bat gerturatu zait. Kirats handia dute. Haietako bati erlojua seinalatu diot eta poltsa txiki batean sartu du papertxo batekin batera. “Atzo hemen hildako emakume bat jaso genuen, egun gutxi zeramatzan hilda. Estatu Islamiarrarengandik ihesi zihoanean hil zutela uste dugu. Gu gabiltza kaleko hilak lurperatzen” Salman, Saad, Bihtarj eta Molud bolondresak dira eta Mosul-eko kaleetan dabiltza inork jaso nahi ez dituen gorpuzkiak biltzen.

 

/