Hotsneba naizplus blogak

Dahlako kanpalekutik, Fisahara 2016 jaialdia hastear

Bidaia luzea izan zen atzokoa. Bere etxetik urrun bizi den herri bati bisitan joateak duen ondorioa. 24 ordu inguru pasa genituen Julen, Ander, Alberto eta laurok, Tolosatik irten eta Dahlako kanpalekura iritsi arte. Bidaia luzeari gogoz ekiten zaio eta gogo hori orduek ahitzen dute. Horixe da saharar herriari gerta lekiokeena. Urteek eta denborak euren ametsak zapuztu izana. Baina bidaiatzeak asko erakusten badu, kanpalekuetarako bidaiak erakusten duena kontrakoa da hain zuzen ere, herri honi gogoa eta kemena ez diotela urteek lapurtu.



Bidaia etengabean bizi dira hemen. Batzuek dagoeneko pipiak jandako memoriaren kajoi zaharretan bilatu ohi dute euren jaioterriaren islada. Irudi nahasi bezain ederra. Kolonialismoak eta neokolonialismoak begiradaren ahalmenetik urrun eramandako irudiak berreskuratzeko bidaia egiten dute. Gazteagoek irudi horren bila, bidaia imaginarioa egin behar. Sormena piztu, itsasoaren kresalak oraingoz erdoilduko ez duen makinaria martxan jarri eta jatorri eta aberri sentitzen dutena imaginatu behar dute. 3. belaunaldia jaiotzen ari da Argeliak eskainitako desertuaren desertu honetan. Dagoeneko aiton-amonak eta kasuren batean birramon eta birraitonak dira gatazkak lapurtutako lurraren oroitzapenak berreskuratu ditzaketenak. Euren bidaiarekin gazteen bidaia elikatuz.

Hotsneba musika taldea gara, eta orain arte bere burua aurkeztu ez duen honek Iñigo Asensio du izena. Arabako SEADen Lagunen Elkarteak antolatutako Saharari Kantari Lehiaketa irabazi genuen Hareazko Erlojua kantarekin eta lehiaketa haren saria hauxe da; Fisahara 2016 Zinema Jaialdia ezagutu eta bertan kontzertua eskaintzea. Gure esperientzia kontatzeko zabaldu dugu tarte hau. Bizipenak, hausnarketak eta Saharako herriari buruz ikasteko gai garen guzti hori zuekin elkarbanatzeko.

Minutu gutxitan hasiko dira lehen proiekzioak baina dagoeneko hainbat pertsonen ilusioak ikusteko aukera izan dugu. Hemen besozabalik direnen irriparreek eta gu bezala hona heldu diren munduko hainbat txokotako bisitariek haiekin nahastu eta ikasteko duten gogoak egun hauetan bat egitea espero dugu. Besarkada zabalean gizakiak lotzen jarraitzeko. Elkartasunaren mapak har dezan behingoz, zoritxarrez lotsaren mapak egun duen protagonismoa.