0 iruzkin

Dunetako antzokian

Atzo eszenatokira igo ginen lau musikariek badaramagu kontzertu mordoa gure musikari ibilbidean. Gutxi Hotsnebaren bide hasiberri honetan, baina ehunka azken urtetako hamaika txoko, plaza, areto, antzoki eta oholtzetan.

Hala ere ziurrenik atzokoa inoiz zapalduko dugun eszenatokirik berezienetakoa izango da. Hareazko harmaila osatzen zuten dunek. Desertuaren fisionomia aldakorrean dunak haizearen menpe bizi dira, eta gu euren menpe ginen. Liluraturik. Arnas hartu eta aurrean genuenaren edertasuna barneratzen. Jendetza bertan eserita, dunaren gailurrean zutik, amaitzear zen egunaren arrats gozoaren azken argi izpiek euren siluetak marrazten zituztelarik. Mendetan nomaden bidean erreferentzia suposatu dute duna horiek, urtetan ospakizunetarako tokia. Atzo kultura ezberdinen topagune. Munduko bost kontinenteetatik iritsitako anai-arrebak musikaren inguruan elkartzeko anfiteatro inprobisatu zein ederra.

‘Hareazko erlojua’ kanta jotzen dugun bakoitzean, irudi hori gure ninietatik ezabatzea ezinezkoa izango da. Eta gurekin mantendu nahi dugu. Iker Lauroba lagunaren kantak dion bezela, “Sahara harea da, haizea da, ahaztea da...” baina inspirazioa ere bada. Egunero dunak berritzen diren bezala, indarberrituz esnatzen baita saharar herria. Denboraren epaiketa gordinari aurre eginez. Haizeak daraman harezko ekaitzari eutsiz, eta irriparre batekin ahazteari erantzunez.

Guk ez dugu atzokoa ahaztuko. Eta zin egin dezakegu herri honen abegitasun eta goxotasuna ere ez ditugula sekula ahaztuko. Gaur azken gaua izango dugu Dahlako kanpalekuan. Hainbat sentipen eta bizipen agurtzeko unea. Etxera bueltatzeko garaia. Laister, milaka sahararrek euren azken gaua ospatu eta bidaia berriari hasera ematea espero dugu. Eurek ere badutelako etxera bueltatzeko gogoa eta ordua.

HOTSNEBA - SAHARARI KANTARI 2016
Loading player...
Saharari-kantari-2016-berria-32x47-001

Iñigo Asensioren, Hotsneba, ‘Hareazko erlojua’ kanta izan da 2016ko Saharari Kantari lehiaketako irabazlea.

azken post-ak
azken iruzkinak
Ez dago iruzkinik