Hotsneba naizplus blogak

Irribarrea, esperantza, Saharatik

Dahlako kanpalekua urrun dago Tindufeko aireportutik. Bertara iritsita laupabost ordu egin genituen autobusean. Garai batean, gudak milaka saharar euren herritik ihes egitera behartu zituenean kanpalekuak sortu ziren Argelian, Tindufeko aireportutik gertu. Baina hainbat sahararrentzat jasangaitza zen hegazkin militarren hotsa entzutea. Etxetik alde egitera behartu zituzten bonbardaketak eta hainbat senide lapurtu zizkien guda hura gertuegi sentitzen zituzten eta desertuaren sakontasunean kanpalekua sortu zutela kontatu ziguten. Leku honen itxura ere ezberdina da Tinduf inguruan diren beste 4 kanpalekuekin alderatuta. Hare fina, naturaren arrasto txikiren bat…

Joan den Azaroan Euskara Munduan dokumentalaren azken irudiak grabatzen ibili nintzen Smarako kanpalekuan. Uholdeek sortutako suntsitze nagusiena Dahlan zela kontatu zidaten, baina urrunegi eta kaltetuegi zegoela hara joateko. Orain ere ikus daitezke suntsitze haren zantzuak. Baina herriak burua altxa du, etxe berriak eraikita baina garbi utziz euren egonaldiak luze jo badu ere, behin-behineko egoera bat dela, eta lurralde okupatuetara itzuli nahi dutela. Benetazko Dahla, benetazko Smara; benetazko Sahara. Gure kantu irabazleak dio “Zure bila dabilen nomada sustraitua naiz…”. Izatez, hori da kanpalekuetan atentzioa ematen duen beste egoera. Nomada den zibilizazio hau adobezko etxeetan finkatu dutela La Hammada izeneko lur honetan. Lur lehorra. Atzo esanda bezala, desertuaren desertua.

Horregatik lurralde okupatuetan gertatzen denak berebiziko garrantzia du. Askotan ezagutzen ez dugun Sahararen dualitateak horixe baitu. Maiz entzuten dugu Errefuxiatu Kanpalekuei buruz, -gu egun hauetan bisitatzen ari garenei buruz- baina gutxitan lurralde okupatuei buruz –ez dituzte nazioarteko hainbat elkarte bertan sartzen uzten eta-. Joan den astean bertan bota dituzte Carlos, Gloria eta Arantxa, Euskal Herriko 3 ekintzaile bertatik. Sahara bakarra da, baina Kanpalekuek 41 urtetan indarra hartu dute. Eta irakurle, entzule zein ikuslea nahastu daiteke. Gaur bildu gara Saharako Lurralde Okupatuen Ministroarekin, Mohamed Luali Akeik-ekin. Bilera luze eta emankorra izan da. Valentziako Zinemagile batekin batera gure iritziak eman, euren asmoak entzun eta oinarrian honako galdera luzatu diogula esango nuke: Zertan lagun dezakegu Saharako herria? Bere erantzuna gozoa izan da. Euren armarik indartsuena gure babesa, gure laguntza eta batez ere iritzi publikoari hemen gertatzen ari dena kontatzea dela. Puntu hortara iritsita, ezin uka dezakegu gatazka honetan borroka armatuari itzultzeaz hitz egiten ari zela ordurarte. Urtero gero eta zailago egiten zaiela milaka gazteen borrokarako gogoa geldiaraztea. Euren bizitza Harezko Erlojuaren moduan kontsumitzen ikusi eta etorkizun eza onartzeaz nazkatuta dauden gazteen haserreaz ari zen. Inmobilismoa nolabait hausteaz. Gure kantuaren beste bertso batek dio “udarako loreez bete ditut fusilak, nahiz eta askotan bake honek hiltzen dizkidan barrenak…”. Ez da azalpen gehiago behar.

Guzti hau bizi dugun bitartean musika jotzen jarraitzen dugu, etxeko umeekin jolasten dugu aukera dugun bakoitzean eta gauero lurrean eseri eta Fisahara Jaialdiaren filmak ikusten ditugu ordu txikiak arte. Aipatu ziguten hau ez dela jaialdi arrunta. Ez dago luxurik, ezta gutxiagorik ere. Ez da oporrak egiteko asmoa duen edonorentzat helburu turistikoa. Noski ezetz. Baina munduko toki gutxitan izango da posible hemen bizitzen ari garena bizitzea. Sahararren esker ona, alaitasuna eta gure burua aberasteko aukera eramango ditugu maletan, eta baita ametsa. Igandean agurtuko ditugun Tiba, Wadjda eta Nami, gure etxeko 3 umeak, egunen batean itsasora begira den Dahla okupatuan topatzea. Eta kontatzea 2016. urtean, ume zirela, gure kantuak entzun eta gure instrumentuak jotzen zituztela desertu idorraren etxeko atarian. Euren irriparrak hori irudikatzen du eta; esperantza.