Joseba Leizeaga naizplus blogak

Euskal ikur nazional berri baterako proposamena

Euskaldunok, gaur egun bi ikur nazional ditugu, euskaldun guztiak eta Euskal Herri osoa ordezkatzen duten bi ikur, jatorri ezberdineko bi ikur, ikurriña eta Nafarroakoa. Bi ikur hauen erabileraren inguruan, gaizki ulertu ugari eta  ezadostasun handiak izan dira gurean, gure egoera nazionalaren isla. Bi ikurrek kontzeptu bera ordezkatzen dute eta biek, euskal herritar guztiak eta euskal lurralde osoa ordezkatzen dituzte. Halere, garai eta jatorri ezberdinekoak izanik, elkar ulertzeko baino, gehiago erabili ditugu elkarrren artean gaizki ulertzeko, elkarren artean zatitzeko. Ikur nazional baten helburua, ordea, kohesioa, batasuna adierazi eta bultzatzea da. Hori dela eta, batzuek elkarren artean ez ulertzeko eta zatitzeko erabiltzen dituzten bi ikur nazionaletatik ikur nazional bakarrera urratsa emateko proposamena luzatzea erabaki dut. Oinarri historikoarekin, Nafarroako Erresumako ikurrin baten egituraketa oinarri gisa hartuz (alegia, aurretik egindako beste bati so), bi ikur nazionalak batean biltzen dituen ikurrin nazional berriaren proposamena aurkeztu nahi dut. Ikur berriena, ikurriña, zaharragoa den Nafarrokoarekin, ezagutzen dugun zaharrena den arrano beltza ardatz dutelarik. Ikurrin nazional integratzaile bat, espainiartasuna eta frantziartasuna izan ezik, euskal sentsibilitate oro ordezkatzen dezakeena.

Proposamen xume bat da, ur tanta bat itsaso zabalean, baina zuhaitz handiena ere hazi txiki eta xume batetik sortua izan da. Eta zuri, zer iruditzen zaizu? Zure iritzia ezagutu nahiko nuke. Eskerrik asko aldez aurretik.