Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Bide berriak plano zaharrekin ibiltzera behartuak.

 

Ados. Borroka armatua amaitu zen.Baina “gatazkak” irauten duela begi-bistakoa da. Halere, betidanik gatazka ukatu dutenek bere horretan daude armak tartean ez daudelarik eta ezin esan bere ukazioa ( Euskal Herriaren ukoa, azkenean) batere birmoldatu denik. Aitzitik, presoekiko jarrera ( eta haien defendatzaileen aurkako jazarpena) ez da ezertan aldatu, txarrerako ez bada behintzat, eta euskal burujabetzaren kontrako hedabideen ohiko joera edota estamentu politikoak independentismoaren aurka aspaldi daraman jite isolatzaileak hor segitzen du.

“Gatazkaren alde edo gatazkaren alde honetan, hor dago aldea” esan genezake. Hau da, Gatazka ikusi nahi izan ez dutenek ( Fernando Savater datorkit burura) gatazkaren beste aldean daudelako izaten da, espainolismoan alegia. Aldiz, euskal partisanoek ( jatorrizko esanahian) aipatu gatazka eta haren ondorioak aitortzeko ez dute (dugu) arazorik.

Hala eta guztiz ere, gatazka hura noizbait bukatuko denaren ustean hezi gara gu eta, usteak ustel, bakea iritsiko zela izan ohi da oinarrizko gogamena orain arte.

Beste moduan adierazita, gatazka gaindituko zelakoan sortu dugu gure pentsaera helburua erdiesteko funtsezko lagungarri edo bitarteko gisa ulertu izan ohi baita gatazka hura, baina, nola pentsatu gatazkaren iraunkortasuna? Zeren eta borrokak, arestian aipatu dudanez, iraun egiten baitu.

Bioboterearen arabera eraikitako gure gizarte segurakratak bezain higienistak dena nahi du kontrolpean bere mugen barruan eta, jakina, horretarako mugen kontrola da oinarrizko hastapena.

Gizarte mendebaldarrak, orohar, ezin ditu gatazkak onartu bere mugen barruan eta, ildo horretatik, ohiko botereen kontrolik gabeko edozein gizarte norabide aldaketa beharko du ekidin. Horretarako sortu zen bere garaian “barbaroen” erabilera. Mugaz kanpokoaren izuaz baliaturik eutsi izan dio botereak bereari, mugak zaintzen beraz.

Lévi- Straussek zioen bezala: “Barbariea barbaroek sortu zuten”. Hau da, barbarorik gabe ezin da beldurra kudeatu eta botereak berea egin du. Barbaroek gatazkatsuak baitira eta gatazka ezin baita ametitu ez eta baimendu ere.

Baina gatazkak irauten du.Horregatik aldatuko ditugu mugak eta horrekin batera, botereak, ameto eman nahi ez badu ere,betiko indar kontrolatzaileak ere bertan behera geratu dira. Egin dezagun, bada, gatazkaren gorazarrea.

Fito Rdz. 

Bilatu