Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Britaniarren oparia.

 

Westminster-eko epaitegiak Antton Troitiño estatu espainolera estraditatzea onartu du. Pasadizoa datorkit burura.

Pasadizoak, denok jakin arren, esangurik ez ohi du galdu.

Kontatzen diotenez, espainiar batek, Evo aurreko itsasgabeturiko Bolivian marina ministroa zergatik ote zuten galdetuta, Espainian Justizia ministroa zergatik ote zegoen ihardetsi zioten boliviarrek espainiarra asaldatuz  .

Espainiako ustezko Justizia ministroak euskal presoak betirako kartzelaldian iraunarazteko “bideak eraikiko” dituela adierazi zuen eta horretarako dago bere zigor kode berria, Espainiako Botere Judizialaren onespena ere lortu izan ez duena.

Ez dakit Koldo Izagirrek Metxa pertsonaiari euskal literaturaren mundura sarrera eman zionean fikziotik at ezagututako norbait izan ote zuen buruan, edo aitzitik, berak idatzitakoak preso egoskor benetakoren bat sortzeko behar adinako gaitasunik izan ote zuen baina, Troitiñoren kartzelaldi bortxatuak, adibidez,  haren testuarekin bat egiten duela ez dago dudarik.

“Kartzela: gorputzak usteldu eta espirituak herdoiltzeko sortutako barnetegiak. Halakotik ihes egitea omen presoaren zeregin nagusia. Eleberri honetako protagonistak, ordea, alderantzizko ihesa egiten du...” irakur daiteke Izagirrek kaleratutako liburuaren kontrazalean.

Fikzioaren kontrazalean, kondena bete ondoren, kondenaturik irauten dagoen Anton Troitiñok,  errealitatea ere bada, Donostiako karriketan egon beharrean giltzapean berriro  britaniarren oparia dela medio.

Moral erlijiosoari etika kritiko-arrazionala kontrajarri zion Emmanuel Kantek modernitatearen hastapenetan. Bere ustetan ez ditugu iritziak, ezta jarrerak ere, haiek eragin litzatekeen ondorioetan oinarritu behar. Agindu hipotetikoen arabera eraikitako moralak ekintzaren emaitzari begiratu arren, etika kritikoak, moralak ez bezala,  toki eta egoera guztietan berdin jokatzea eskatuko du, horrek ekar lezakeen ondorio on edo txarrik aintzakotzat hartu gabe.

Jokamolde honetako adibidea izan zen, esate baterako, britaniarren buruzagia izan zen Tomas Moro idazlea, zeinak Ingalaterrako Enrike VIII.aren desioei kasu egin beharrean nahiago izan zuen hiltzea haien aurrean  makurtzea baino. Eta mehatxuen aurrean konkortu beharrean bere iritziari atxikitzeagatik kondenatu zuten. Handik aurrera, Utopiaren idazlea, “ Denetarako gizon” bihurtu zen. Fred Zinemannek filmaturiko “A man for all seasons” hartan portaera etiko hori islaturik geratu zen betiko, non, pertsona, presoa eta duintasun etiko-politikoa giza jokamolde berean agertarazten zaizkigun.

Baina, oraingo honetan, berarekin eramandako jukutria mendeku gaiztoa besterik ez dela konturatzeko sasoia etorri da. Horixe da, halaber, gainerako euskal presoentzako eraman izan dute jarrera juridikoa. Ez da, beraz, ezertan pertsonalizatu behar jakiteko, espainiar jurisprudentzia izango dela atxiloaren araberako “zuzenbidearen eraikuntza”. Eta jakina, jurisprudentziak agintzen duen tokian ez dago giza eskubiderik.

Espainiako monarkiaren ministroak ( ustez, justiziakoa...) Kanten kanta honetaz ez omen daki ezer. Agian, ez jakiteagatik, ez du jakingo ezta justizia zer den ere, zeren portaera honekin, zuzenbidean zein eskubideetan, zuzentzan nahiz politikan,  aldarrikaturiko “berdintasunaren” izaera ari da desegiten eta, aldiz, jatorria edo jarreren araberako gizartea mailakatu bezain diskriminatzailea eraikitzen.

Horixe egin zuen Ingalaterrako Enrike VIII, tiraniaren adibide, horrela egin zuten britainiarrek irlandar disidentziaz, eta hori egin berri dute Troitiñoren  estradizioarekin.

 

Fito Rdz. 

Bilatu