0 iruzkin

Zitalkeria kanpora, presoak kalera

 

James Ellroy idatzitako Perfidy (zitalkeria) eleberrian II. Mundu Gerratean gertatutako pasadizo ezezagun bat kontatzen zaigu, japoniar jatorrizko estatubatuarren jazarpenarena, alegia. Jadanik duela hirurogeita hamabost urte suertatutako Pearl Harboureko eraso japoniarraren ondorioz, une horretan bertan bizi ziren japoniar arbasoak zituen biztanleria guztia kartzelatu zuten Amerikako Estatu Batuetan inolako berme legalik gabe. Horrezaz gain, gerra giroaren eraginez, kartzelatuen ingurukoak, senideak eta lagunak, jazarpenak ere jaso behar izan zituzten ankerki, eta horretan, gainerako biztanlegoaren kolaborazioa ezinbesteko bihurtu zen gertatutako denaren aurrean kaleko jende arruntak, kazetariek baita zinema izarrek ere (arazoa handiena mendebaldeko kostaldean izan baitzen: Los Angelesen, Holywooden eta abarretan) ezikusiarena egin zuten.

Antzeko egoeraren berri eman zigun Luis Puenzo zinemagile argentinarrak bere “La historia oficial” izeneko filmean non, haur lapurtuen istorioa azaltzearekin batera, honako ondorioa helarazi zigun: giza eskubideren bat hausten denean, gainerako guztiak kalteturik geratzen dira eta gizakien arteko harremanetan zitalkeria nagusituz doa ankerkeria bilakatzeraino.

Horregatik, Guido Raimondik, Giza Eskubideetako Europako Auzitegiaren lehendakariak, sakabanatzea «kontu nabarmena» dela baieztatu izan duenean gizarte osorako oinarrizko auzia dela ari da esaten (http://www.naiz.eus/eu/actualidad/noticia/20161212/ramondi-afirma-que-la-dispersion-es-una-cuestion-relevante-para-el-tribunal-de-estrasburgo).

Izan ere, euskal presoen egoera tamalgarriak zuzen zuzenean eragiten baitio biztanleria osoaren bizi kalitatea demokratikoari eta hori ikusi nahi ez duenak, James Ellroy idatzitako Perfidy eleberrian bezala, hurkoarekiko zitalkeriaz jokatzen du.

Horren aurrean Usurbilen abian jarritako KALERA herri ekimenak, berriz, giza duintasunaren aldeko orroa besterik ez da eta, jakina, ikusi edota entzun nahi ez duenaren aitzinean, garrasi egitea besterik ez dago. Ozen esan dezagun, beraz:

Giza zitalkeria kanpora, euskal presoak kalera !!

 

 

/
azken post-ak
azken iruzkinak